Oposizioak argibideak eskatu dizkio Kerejetari, Arma Plaza Fundazioaren harira
Hondarribiko Udaleko oposizioko alderdietako hiruk, Bilduk, PSE-EEk eta H1ek, argibideak eskatu dizkiote Aitor Kerejeta Hondarribiko alkateari, FITURen (Madrilen egin zen nazioarteko turismo azokan) Arma Plaza Fundazioaren gainean esandakoak zehazteko. Hala, besteak beste, horren gaineko bilera egiteko eskatu diote oposizioko alderdi horiek alkateari, fundazio horretako patronatuko kide diren heinean. Hori guztia esateko agiria izenpetu dute, eta honakoa da, hitzez hitz:
“Prentsaren bidez Arma Plaza Fundazioko azken gertaeren berri izan dugu, eta agiri hau sinatzen dugun Fundazioko Patronatu-kideok ondokoa eskatu nahi diogu Fundazio horretako presidenteari, Aitor Kerejetari: lehenbailehen patronatu-kideen bilerarako deia egitea.
Ez dugu ulertzen nolatan ez diguten bilera baterako dei egin, zehazteko zein estrategia jarraitu behar den FITURen, munduko turismo azoka garrantzitsuenean.
Agiri hau sinatzen dugun patronatu-kideak erabat kanpo geratu gara, izan ere ez dugu diseinuan parte hartu, eta are gehiago, prentsaren bidez jakin dugu zenbait ordezkari bertara joan direla; horren berri udal prentsa arduradunak eman die komunikabideei, bera han baitzegoen.
Arma Plaza Fundazioaren oinarrizko helburua partaidetza sustatzea da. Parte hartze hori nekez gauzatuko da, udal gobernuak, alkatea buru duela, bertako patronatu-kide zinegotziak kontuan hartzen ez baditu.
Gainera, gogorarazi nahi dugu fundazio horrek ez duela gerenterik izendatu eta langilerik kontratatu, guk dakigula. Gogoratu behar da kontratazioetarako lehiaketa publikora joko dela, Euskal Funtzio Publikoko legea betez; hala, praktika ilunak saihestuko dira (tamalez maiz gertatzen dira horrelako erakundeetan).
Berriz adierazi nahi dugu fundazioko patronatuan lan egin nahi dugula, batetik hirigune historikoa garatzeko eta balioztatzeko, eta bestetik Hondarribiaren alde lan egiteko, lehen mailako turismorako herria den aldetik. Gainera, gobernu taldeak hausnarketa sakona egitea nahi dugu, ea nola gauzatu behar diren ezarri beharreko turismo estrategiak eta horretara iristeko bideak, izan ere, gaur egun bikoiztasunak eta funtzionamendu arazoak sortzen ari dira Fundazioaren eta Bidasoa Turismoaren artean (gu erakunde horretako partaide izanik)”.
Sinatzaileak: Ibai Labaien (Bildu), Josu Alvarez (PSE-EE) eta Jon Elizalde (H1).