Oiartzungo Zuhaitz Eguna igandean egingo dute
Karrikako Katatxuloborda parajean izango da aurtengo Zuhaitz Eguna (Sorondo azpian), igandean. 500 haritz eta 250 zuhaixka aldatuko dituzte bertan, udalak jakinarazi duenez.
Karrikako Artaso Elkartean bilduko dira zuhaitzak aldatzera animatzen direnak 10:00etan, eta oinez igoko dira Katatxulora. “Bi kilometro inguruko ibilbide erraza da eta bidea erakutsiko duen mendizale batek lagunduta” joango dira bertara. Haur txikiak dituztenek, “Sorondotik erraz sartu ahal izango dute Katatxulora”.
Ohi bezala, arropa erosoa janzteko aholkua eman die udalak zuhaitz landaketara doazenei; eta aitzurrak etxean dituztenei, materiala eramateko ere bai. Udalak eramango du materiala, baina kopuru mugatua izango da, horregatik eskertuko dute etxean dutenek eramatea.
Bildutako guztiei hamaiketakoa emango die udalak, “herriko basoetan bertako zuhaitzak berreskuratzen eskainitako laguntza eskertzeko”.