Pasaiako Bilduren aurrekontuei "doitasun falta" egotzi die PSEk
Pasaiako Bilduren aurrekontuei “doitasun falta” eta “helburu politikorik” ez izatea egotzita, osoko zuzenketa aurkeztu die PSE-EEk. Osoko zuzenketarekin batera, zazpi zuzenketa partzial aurkeztu zituen atzo udal erregistroan Izaskun Gomez alderdi sozialistako bozeramaileak: “Besteak beste, kaleratzeei aurre egiteko diru zatia onartzeko,eta lana sustatu eta sortzeko diru zatia handitzea proposatzen dugu zuzenketa horietan”. Horretarako 90.000 euroko diru zatia onartzeko proposatu du PSE-EEk.
Diru sarreren gaineko atalean “zuhurtasun falta” dagoela salatu du halaber talde sozialistak, ” soberakinak, diru sarrera gisa azaldu dituelako Bilduk aurrekontuan, hura itxi aurretik”. Udalak kreditua eskatzeko aurrekontuan egin duen proposamenarekin ere ez dator bat alderdi sozialista, “udalaren zorra areagotu baino ez duelako egingo”.