2013ko aurrekontuen harira, Irungo EAJren udal taldeak jakinarazi du bere hainbat ekarpen kontuan hartzen ari dela udal gobernu taldea, “elkarrizketak bide onetik doaz. Gobernuarekiko gure jarrera hurbildu egin dugu”. Izan ere, EAJren hainbat proposamen kontuan hartu ditu gobernu taldeak aurrekontuetarako, eta bertan jakinarazi zituzten 30 gehitze zuzenketatik herenetan “minimo baterainoko” adostasuna lortu dutela esna dute; 600.000 euroko diru partidak gehitzea dira zuzenketa horiek ahalbidetu dutena. Hala ere, oraindik gai batzuk “itxi gabe” dituztela esan dute jeltzaleek, eta horren arabera aurrekontuak onartzeko udalbatzarreko jarrera bat edo bestea izango dela adierazi dute: “Iritsitako puntutik aurrera egiten ez badugu, ez dugu kontuen onarpena oztopatuko, baina ez dute gure babesik izango”. Gobernu taldearekin nahiz beste alderdi politikoetako ordezkariekin ere bildu dira EAJko kideak.
EAJk aurkeztutako gehitze zuzenketa horietatik %95 inbertsiotarako dira, auzoak biziberritzeko. Hala, obra horietan Irungo enpresek lan egin behar dutela iritzi dio EAJk, “bertako ekonomia berpizteko”. Hala, enplegua mantentzeko ahalegina egingo duela zehaztu du alderdiak, “eta ahal den neurrian, enplegua suntsitzen jarraitzea ekiditea. Gure ekarpenak norabide horretan doaz”. Gutxieneko akordio horiek honako lan zehatzetan lortu ditu EAJk gobernu taldearekin:
Hiritarren parte hartze prozesuaren emaitzen ildotik, Artia auzoaren hobekuntza planerako partida bat, “nahiz eta orain arte onartutakoa baino partida handiagoa eskatu dugun”.
- Euskal Herria etorbide hasieran dagoen biribilgune ondoko aparkalekua moldatzeko partida bat.
- Olaketako kale estuko puntu beltza kentzeko partida bat.
- Auzo bideetarako partida handitzea.
- Bi markesina jartzeko partida.
- Elizatxo auzoan, Rataplan kalean esku hartzeko jada egina dagoen egitasmoa martxan jartzeko onartua dagoen partida hobetzea.
- Elizatxo auzoko Fagina kalean argiztapena hobetzeko partida.
- Lan txikiagoak egiteko partidak ere bildu dituzte EAJko kideek euren zuzenketetan.
Desjabetzeak, euskararen normalizazioa, eta berdintasuna
Bestalde, EAJren beste hainbat proposamen ere kontuan hartu ditu udal gobernu taldeak 2013ko aurrekontuetarako. Horietako batek etxe kaleratzeekin du harremana: desjabetzeak gertatzen diren larrialdi kasuetarako partida bat zehaztea adostu dute. Gainera, udal eraikinetako kartel guztiak berrikusteko akordioa lortu dute, “eta elebitan ez dauden horiek bi hizkuntzetan jarriko dira, legeak ezartzen duenaren arabera”. Berdintasun politikan beste bi proposamen adostu dituzte.