Otsailari dagokion ohiko udalbatzarra egin zuten atzo Oiartzungo zinegotziek. Gai zerrendan, bi gai nagusi izan ziren:
Parot doktrina eta Alzheimerra.
Lehenengoan,
197/2006 Doktrina: Zigor gehigarriaren ankerkeria izenburuarekin Bilduk aurkeztutako mozioa landu zuten zinegotziek. Doktrina hori bertan behera uzteko eta doktrina aplikatu zaien presoak askatzeko eskatzen du mozioak.
Irati Etxebeste Bilduko zinegotziak hartu zuen hitza. Bilduko zinegotzi guztiek,
Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira leloarekin txartela zeramaten soinean, eta EH Bilduk presoen aldeko lan lerroa martxan jarri duela gogorarazi zuen Etxebestek: “Horregatik ditugu txartel hauek soinean, eta mozio hau ere lan lerro horren barruan sartzen da”.
Bilduko zinegotzi bat, txartela soinean
Mozioaren zergatia azaldu zuen, gero: “Zoritxarrez, berriz ere euskal presoen aldeko aldarrikapen batekin gatoz. Oraingoan, Espainiako Estatuak martxan jarri zuen lege ilegal baten harira,
Parot doktrina bezala ezaguna. Mozioan esaten den bezala, doktrina honen bidez euskal presoen aurka bizi osoko zigorra aplikatzen da eta erabat onartezina eta salatzekoa dela esan nahi dugu. Era berean esan nahi dugu Espainiako eta Frantziako estatuek martxan dituzten mendeku politikekin bukatzeko garaia dela. Legea sortu eta aplikatzen den momentutik onartezina da. Ez dugu ahaztu behar oinarrizko giza eskubideez ari garela hitz egiten. Doktrina horrek ez du lekurik inon. Berehala bertan behera uzteko eskatzen dugu”.
Oiartzungo Herrirako ordezkari batek, gainera, martxoaren 20an auzo guztietan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzera gonbidatu zituen zinegotzi guztiak. Egun horretan Estrasburgoko Giza Eskubideen auzitegiak Ines del Rio euskal preso politikoaren kontra Espainiako estatuak jarritako helegitea aztertuko du. Ines del Riori doktrina aplikatu diote Espainiako auzitegiek eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira eraman zuen bere kasua. Hark, doktrina legez kanpokoa zela esan zuen iazko uztailean, aho batez.
Bilduren aldeko botoekin eta EAJ zein H1!en abstentzioarekin atera zen aurrera mozioa.
Alzheimerrarekiko herri solidarioa
Ahobatez onartu zuten zinegotziek AFAGI Alzheimer Gipuzkoa elkarteak aurkeztutako
Alzheimerrarekiko Hiri Solidarioa izeneko deklarazioa. Udalak arazoarekiko kezka agertu, kontzientziazioa bultzatu eta alzheimerraren kontra aritzeko aliantzak bultzatuko dituela onartu du.
Olaldeko etxebizitza tasatuen esleipenean oiartzuarrek lehentasuna izan dezaten, hutsik gelditu diren etxeen esleipendun izateko
errolda baldintzak aldatzea ere onartu zen aho batez.
Protokolo eta dieta gastuei dagokienez, otsailean ez da halakorik izan.
Eskari galderetan, azkenik, martxoaren 8aren harira Bilduk egindako
deklarazio instituzionala irakurri zuen Miren Irigoien zinegotziak.