Carmen Romanelli durangarrak, Hirutasun Esentzien terapia berria sortu du. Bach loreekin beharrean, hemengo loreekin egiten du terapia. Bihar hitzaldia emango du horri buruz Oiartzungo Izaneu zentroan. Aurretik, HITZAri kontatu dizkio tratamenduaren nondik norakoak.
Hirutasun Esentzien terapia zer da? Zertarako balio du?
Hirutasun Esentziak, lehenengo aldiz, gure mendietako loreekin egindako lore esentzia terapeutikoak dira eta norberaren gaitasunak indartzen laguntzen dute. Gure gorputza materia izateaz gain, energia ere bada eta energia horrek forma asko hartzen ditu. Forma horietako batzuk emozioak dira eta ez genuen gehiago ezagutzen. Hirutasun Esentziak emozioetatik harago doaz eta gorputz energetiko emozional horren barruan dagoena ezagutzeko eta lantzeko aukera ematen dute. Adibide bat ipiniko dut. Gutako bakoitza, hezurrak, muskuluak… edukitzeaz gain, informazioa gordetzen duten karpeta ezberdinez osatutako gaude. Hirutasun Esentziei esker, karpeta horietan gordetzen den informazio guztia ezagutu dezakegu, hau da, nola sentitzen garen, zeintzuk esperientzia eta nola bizi izan ditugun, gordeta dugun karga emozionala zenbatekoa den… Prozesu horretan, pertsona bakoitzak nor den hobeto ezagutzen du, egunerokoan sortzen zaizkigun emozio, ezintasun eta jarrera kaltegarriak zerekin duten zerikusia ulertzera eta onartzera iristen gara, eta norberak berezko dituen gaitasunak potenziatzea lortzen da.
Osasuna eta bizi kalitatea berreskuratzeko direla diozu. Egonkortasuna, sendotasuna, adorea, segurtasuna, maitasuna eta jakituria naturatik berreskuratzen direla… Nola?
Guk energia daukagu eta naturak ere badu. Naturan dagoen energia eta guk daukaguna bat dira. Aspaldi naturatik banatu egin ginen eta orain kostatu egiten da hori horrela denik sentitzea. Naturak, hala ere, gizabanakoari bere osasuna eta bizi-kalitatea berreskuratzeko aukera eskaini dio beti eta natura horren parteetako bat loreak dira. Hirutasun Lore Esentziek gure lurrak, antzinako jakituriaren bidez, gordetzen dituen potentzialak dituzte eta, hauek hartuaz, ezaugarri horiek gure baitan indartzen dira. Naturan gertatzen den bezala, bat garenarekin bizitzea ahalbidetzen digute. Sentitzen eta pentsatzen duzunarekin bat bizitzea posible egiten dute. Niretzat honek garrantzi handia du, bizitzak berak eta kreazioan dagoen guztiak helburu bat daukalako eta horrek ematen diolako traszendentzia bizitzari.
Energiaz eta osasunaz hitz egiten duzu. Horri deitzen diozue Bat Izatearen metodoa?
Bat Izatearen Metodoa Hirutasun Esentziekin batera sortutako lan metodo terapeutiko propioa da. Lore esentziek berez egiten duten lanaren metodologia da eta memoria ezberdinak lantzen dira horrela. Alde batetik, memoria zelularra lantzen da; bizitzan zehar izandako esperientzia ezberdinak ezagutu, nola bizi izan ditugun eta honek suposatzen digun karga emozional negatibo guztia soltatzen da. Bizitakoaz gain, pertsona bakoitzaren memoria anzestralean ere sakontzen da eta gure aurrekoengandik jaso ditugun funtzionatzeko patroi eta izakera ezaugarriak ezagutu eta lantzen dira. Askotan bakardadea sentitzen dugu, besteek baztertu egiten gaituztela, urduritasuna, ezinegona eta ez dakigu zergatik. Hirutasun Esentziak eta Bat Izatearen Metodoarekin gertatzen zaiguna nondik datorren konprenitu eta eboluzionatzea kontziente egitea lortzen dugu. Min fisikoak daudenean ere hauen jatorria non dagoen ezagutzeko aukera ematen digute loreek.
Esentzia bakoitzak nola funtzionatzen du? Diozu, pertsona bakoitzaren gaitasunak indartzen dituela, eta min, desoreka eta aurrera egin ezinak transformatzen dituela? Nola? Adibiderik jartzerik?
Lore esentzia bakoitzak gizarte esparru bat hartzen duela esan genezake. Natura guztiak bezala, lore bakoitzak ere berezko bere ezaugarria du eta, euren potentzialari esker, esperientzia ezberdinak indartsuago, orekatuago, kontzienteago bizitzeko aldarte aproposak ematen dizkigute. Escaramujoak, esaterako, itxaropena bueltatzen digu. Borroka etengabean bizi direnentzat balio du eta horrek sortzen duen nekea kentzen laguntzen du. Eguzkiloreak jakituria ematen digu. Batzuetan, erabakiak hartzeko zailtasunak izaten ditugu eta lore honekin barne boterea berreskuratzea lortzen dugu. Pampajarinak barne borondatea indartzen du eta horrek dependentziak uztea errazten du. Aldaketak egiten ere laguntzen du. Salvia sexualitatearekin lotuta dago, eta horrekin lotutako trastornoentzat da ona. Eta horrela, banan-banan. Egoera ezberdinen aurrean, botika asko eman ahal dizkizute, baina, ezin dizute sentimendu eta aldarte bat eman eta lore esentziek hori eskaintzen digute.
Kasu honetan terapia hemengo loreekin egina da. Zein dira lore horiek?
Bai, lehenengo aldiz gure mendietako loreekin eginda daude eta elaborazio metodoa guztiz naturala da. Lore bakoitza berez hazten den tokian hartzen da. Tokian-tokikoak eta sasoian-sasoikoak garrantzi handia du elaborazio prozesuan. 17 dira bakarrik. Izen batzuk aipatzearren: abrotanoa, eguzkilorea, madreselva, armeria maritima eta arbejina, esaterako.
Zer ezberdintasun ditu terapiak Bach loreen terapia famatuarekin?
Ez daukate zer ikusirik. Guztiz ezberdinak dira. Bai erabiltzen diren loreengatik eta baita erabiltzen den elaborazio metodoagatik ere. Maila terapeutikoan ere Hirutasun Esentzien eragina harago doa. Loreen kontzeptu batetik beste batera saltoa egitea lortu dugu. Sistema guztiz aldatu dut. Loreen dimentsio energetikotik dimentsio luminikora iritsi gara eta sakonago egin dezakegu lan horrela. Esentzia hauek berez duten inteligentzia horrek beste terapia eta tratamendu mota guztiak indartzen dituzte eta profesionalen lana sakontzea eta azkartzea lortzen dute. Izan ere, orain, ikusten denarekin batera, ikusten ez dena ere lantzera irits gaitezke. Lehenengo aldiz, saio batean, maila guztietan ditugun informazio karpetak berrikusiaz osotasuna landu dezakegu. Beraz, bakarrik hartzeaz gain, akupuntoreek, masajistek, kinesiologoek, reikia egiten dutenek, naturopatek, medikuek, erizainek, psikologoek, terapeutek, irakasleek… erabil ditzakete.
Beraz, tratamendu medikuarekin bat etor liteke, ezta?
Noski. Esan bezala, beste edozein teknika eta tratamendu potenziatzen dute, baita medikuntza konbentzionalean erabiltzen direnak ere. Guztiz osagarriak dira eta hobekuntzak, kasu honetan ere, azkarragoak. Kontserbante bezala sagar ozpina dute eta, beraz, edozeinek har ditzake, haurrak, nagusiak, haurdun dauden emakumeak, animaliak.
Emaitza azkarrak eta eraginkorrak lortzen direla diozu. Noiz nabaritzen dira emaitza horiek? Eta tratamenduak nolakoa behar du?
Bai, min fisikoak zein emozionalak lantzen dira eta oso emaitza onak lortzen ari dira. Esentziekin lanean ari diren profesionalak oso pozik daude. Akupuntoreek, esaterako, orratz gutxiago behar dituzte euren tekniken aplikazioan. Lehenengo aldiz, guregana datorrenari zer gertatzen ari zaion eta zerekin daukan zerikusia esan diezaiokegu. Esentziak hartu eta minutura, gorputzeko glandula guztietan eragiten dute. Hauetan jariatzen diren sustantziak berehala aldatzen hasten dira. Tratamendua guztiz pertsonalizatua da eta, iraupena bakoitzaren egoeraren araberakoa den arren, emaitzak oso arinak dira eta hilabete batean hobekuntzak oso nabariak dira.
Anima ezazu jendea hitzaldira...
Lehenik eta behin, mila esker lan zoragarri honetan erakutsi duzuen interesagatik. Bestetik, bihar martxoaren 1ean, iluntzeko 19:00etan
Geure Loreen Erabilera Terapeutikoaz Oiartzungo Izaneu Zentroan, Kontzejupe 6. Behea 1 helbidean emango dudan hitzaldia dela eta, nahi duen orori bertaratzeko gonbidapena luzatu nahi dizuet. Plazer bat izango da bertan elkar ezagutu eta lan hau guztia zuzenean konpartitu ahal izatea. Jakin baten batek esentziei buruzko informazio gehiago nahi badu
www.esenciastriunidad.com webgunean ere aurki dezakeela.