Emeki elkartearen egoitzan egin zuten aurkezpena
Hondarribiko Emeki Elkarteak “ordaintzen ez den lana” saritu nahi du aurten Nazioarteko Emakumearen Egunari lotutako omenaldian. Hala, Frantziska Agirre Olaso emakumea omenduko dute igandean, etxekoak zaintzeaz gain etxetik kanpo egindako lana ere nabarmenduz. Igande honetan izango da, San Pedro kaleko 43. zenbakian (Lekuona tabernaren ondoan). Txalapartariak, trikitilariak eta bertsolariak izango dira bertan, eta Emekiko kideek urtean zehar egindako lanen erakusketa inauguratzeko probestuko dute.
Datorren asterako ekitaldi potoloa prestatu du Hondarribiko emakume taldeak, tartean martxoaren 8an egingo duten bazkaria. Sugarri jatetxean bazkalduko dute eta izena eman nahi duenak 943 64 34 02 telefono zenbakira deitu edo
elkartearen helbidera idatzi behar du.
Emekik antolatutako ekimenez gain, udalak bere egitaraua moldatu du, eta Itsas Etxea Auditoriumeko ohiko egitarauaren barruan emakumearen garaiekin zerikusia duten ekitaldiak programatu ditu, hala nola,
Pink Sari filmaren emanaldia (hilaren 8an, jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin),
No es fácil antzezlana (9an) eta
Las chicas de la lencería pelikula (10ean).
Emakumeari lotutako ibilbidea
Gainera, Arma Plaza Fundazioak Hirigune Historikoko bisita gidatu berezia egingo du larunbatean, martxoaren 9an, 11:30ean Arma plazatik abiatuta. Emekik egitarauaren berri emateko eginiko aurkezpenean Txomin Sagarzazu zinegotziak azaldu zuenez, bigarren aldiz egingo da bisita hori, baina lehen aldiz publiko guztiei irekita: “Kasino Zaharrekoek egin zuten eta martxoaren 9an berriro egingo da. Finean, bisita gidatu bereziekin bisitariei eskaintza zabaltzea bilatzen da, baina baita herriko jendeari Hondarribiko historia ezagutzeko aukera ematea”.
Horrela, emakumeari lotutako ibilbide gidatua egingo dute datorren asteko larunbatean. Ekitaldia irekia dela azpimarratu zuen Sagarzazuk eta herritar denei deia luzatu zien “emakummengan arreta berezia” jarriko duen bisitaldira joateko.
Emakumearen Astea Hondarribian
Martxoak 3
- Emekiko ikasleen lanen erakusketa: Trikota, jantzigintza, lentzeria, eskulanak, farfailak, akuarela, bitxigintza. Martxoaren 10a arte irekita, arratsaldez.
- 12:30etan, Emakume hondarribiar bati omenaldia: Frantziska Agirre Olaso. Txalapartariak, Aire-aire trikitixa taldea eta Alaia Martin eta Sebastian Lizaso bertsolariak. San Pedro kaleko 43. zenbakian, Lekuona tabernaren ondoan.
Martxoak 4
- Emakume artisten erakusketa irekiko da, Zuloaga Etxean. Margolanak, eskulturak, argazkiak eta grabatuak. Martxoaren 17ra arte bisitatu daiteke, udal liburutegiaren ordutegian.
Martxoak 7
- Emakume artisten erakusketaren inaugurazioa, Zuloaga Etxean.
Martxoak 8
- Emakumearen Nazioarteko Eguneko bazkaria, Sugarri jatetxean.
- 20:00etan, Pink sari fim luzearen emanaldia, Itsas Etxea Auditoriumean. Sarreren prezioa 3 eurokoa izango da.
Martxoak 9
- 20:00etan, No es fácil antzezlana, Itsas Etxea Auditoriumean. Sarreraren prezioa 4 euro izango da.
Martxoak 10
- 20:00etan, Las chicas de la lencería filmaren emanaldia, Itsas Etxea Auditoriumean. Sarreraren prezioa 3 eurokoa izango da.
Martxoak 17
- Emakume artisten erakusketaren itxiera, Zuloaga Etxea udal liburutegian.