Geure Loreen erabilera Terapeutikoa. Hirutasun Esentziak. Bat Izatearen Metodoa hitzaldia izango da bihar Oiartzungo Izaneu zentroan (Kontzejupe plaza 6, 1 behea), 19:00etan. Hitzaldian, lehenengo aldiz bertako mendietako loreekin egindako metodo terapeutikoaren berri emango du bere sortzaileak, Carmen Romanelli kinesiologa eta terapeuta durangarrak (
elkarrizketa HITZAn).
Osasunaren arloan eta egunerokoan, “geure buruekin zein ingurukoekin dugun bizi kalitatearen arloari dagokionean”, oso lan interesgarri eta berritzailea dela dio: “Naturak gizabanakoari bere osasuna eta bizi-kalitatea berreskuratzeko aukera eskaini dio beti eta natura horren parteetako bat loreak dira. Hirutasun Lore Esentzien elaborazioak gure lurrak dituen ezaugarriak gordetzen ditu, behar dugun guztia geure baitara itzularaziz. Egonkortasuna, sendotasuna, adorea, segurtasuna, maitasuna eta jakituria, gure lurraren antzinako memorian gorderik mantentzen diren ezaugarriak. Esentzia bakoitzak pertsona bakoitzaren gaitasunak indartzen ditu eta egunerokoan sortzen zaizkigun min, desoreka eta aurrera egin ezinen sorburua transformatzeko gaitasuna dute, geure burua hobeto ezagutzen lagunduz, geure memoria zelularrean metatutako karga emozional negatibo guztia transformatuz eta gutako bakoitzaren eboluzionatzeko aukera kontzientea izan dadin ahalbidetuz”.
Romanelliren hitzetan, edozein esparru landu daiteke eurekin. Eta adibide batzuk jarri ditu:
- Min fisikoen eta emozionalen berregituraketa eta oreka.
- Haurren eta gazteen ikaste eta eskola egokitzapen arazoak: ikaste arazoak, arreta eta motibazio falta, hiperaktibitatea, dislexiak, memorizazioa, lateralitatea, ahozko eta idatzizko zdierazpena.
- Haurdunaldi kontzienteak.
- Elikadura eta lo Arazoak.
- Aldaketak errazten dituzte.
- Mota guztietako dependentzietatik askatzea.
Romanelliren arabera, emaitza oso azkarrak eta eraginkorrak lortzen ari dira eta edozein lan terapeutiko eta tratamendu mediko potenziatzen dute. Gainera, elaborazioa guztiz naturala dela nabarmendu du, eta edozeinek har ditzakeela.