Udal gobernuak elkartasunerako laguntzak ez dituela gastatu dio PSEk
2012ko aurrekontuetan kooperazio eta nazioarteko elkartasunera 150.000 euroko laguntza bideratu zirela jakinarazi du PSE-EEk, baina “ia bere osotasunean gordetzea” leporatu dio Bilduk eta Ezker Anitzak osatzen duten udal gobernu taldeari. Jose Angel Rodriguez PSE-EEko bozeramailearen arabera, “150.000 eurotik 7.000 baino gutxiago” gastatu ditu udal gobernu taldeak. “Horrekin erakutsi dute horrenbeste goraipatutako herrien arteko elkartasuna publizitate slogan bat baino ez zela”, gaineratu du.
Rodriguezen arabera, PSE-EE gobernuan zegoenean behin baino gehiagotan nabarmendu zieten nazioarteko elkartasunera bideratutako diruaren garrantzia, “baina oposizioan zeudenean helburu horretara aurrekontuaren %0,7 bideratzea eskatzen zuten bitartean, elkartasuna %0,01era murriztu dute”.
“GKE-erako deialdirik ez dute egin”
7.000 euro horiek Euskal Funtsara (4.869,54 euro) eta Fiare banku etikoaren urteroko kuotara (1.800 euro) bideratu dituztela zehaztu du Errenteriako PSE-EEko bozeramaileak. “Baina ez dute GKEentzako diru laguntzen deialdirik egin, ezta Euskal Funtsak martxan duen proiekturik finantzatu, gaur arte egin den bezala”.
Haatik, PSE-EE gobernuan izan zenean, “nazioarteko elkartasuna kentzea” leporatu zietela azaldu du Rodriguezek “150.000 eurora murrizteagatik”, baina ezinbesteko proiektuetara laguntza bidaltzen jarraitu zutela esan du. Adibidetzat eman ditu 2010ean 160.000 eurorekin 22 proiektu finantzatzea eta 2011an 124.000 eurorekin hemeretzi finantzatzea.
Rodriguezek onartu du krisiak diru laguntzak ematea zailtzen duela, baina indarrak “herri elkartasunera” bideratu behar direla adierazi du: “Tokiko Enplegu Plana, elikagaien eta zerbitzu sozialen beharrak asetzea”.