Hondakinen gaineko puntu kontrajarrietatik "ideia positiboak" atera dituzte
Beraungo saioaren ondoren, asteazkenean egin zuten hondakinen gaineko mahai ingurua Reina aretoan, Errenteriako Ingurumen Kontseiluko Hondakinen Taldeak antolatuta. Bertan, Olatz Peoni (Gipuzkoa Garbia) eta Ainhoa Arrozpidek (Gipuzkoa Zero Zabor) parte hartu zuten, eta bertaratutakoek hainbat galdera egin ahal izan zizkieten. Antolakuntzaren arabera, mahai horren helburua “arazoa modu argian gizarteratzeaz gain, gaur egun kontrajarriak diruditen bi ikuspegi horietatik ideia positiboak jaso eta Errenteriarako baliagarri dena erabiltzea da”.
Era berean, eskerrak eman dizkiete partaideei zein Ezker Anitza, Bildu eta PSE-EEko zinegotziei “agertu duten interesarengatik”. Herritarrengana ere zuzendu da, eta “hemendik aurrera emango diren pausoetan, gaiak duen garrantzia izanik, partaidetza sendotzeko” eskatu die.
Hondakinen taldeak urtarrilean auzoz auzo bilerak egin zituen, hondakinen arazoa azaltzeko, eta bigarren fasea “aurki” hasiko dutela esan dute: “Aurreko bileretako ekarpenak zein azken hilabeteetan egindako hausnarketaren ondorio diren Errenteriako hondakinen sorrera eta bilketa hobetzeko irizpideak bizilagunekin partekatzeko”.