Auzitegi Nazionalak bi herritar epaituko ditu datorren astean
Hilaren 10ean, asteazkena, bi hondarribiar epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2010eko irailaren 27an Askapenaren kontra egindako sarekada salatzeko Hondarribian egin zen manifestazioan identifikatuak izan eta gero. Fiskalak kartzela zigorra eskatu du bientzat, “terrorismoa goratzea” eta “autoritatea duten agenteei atentatua” egitea leporatuta. EH Bilduk gogor kritikatu du epaiketa, “politikoa delako”, eta hilaren 9an Miramarren elkarretaratzera deitu du.
Koalizioak gogorarazi du Ertzaintzak sarekadaren kontra egin zen manifestazioan kargatu eta gero izan zirela istiluak. Mobilizazioak baimena ez zuela-eta arduraduna identifikatzera joan ziren ertzainak, eta bildutakoen ezetza jaso ondoren kargatu zuten. EH Bilduren arabera, «Ertzaintza oldartu eta kolpeka hasi zen. Lehenengo kolpea gazte batek jaso zuen buruan, eta lurrean odolez gelditu zen».
Ondoren, beste hiru polizia eta paisanoz jantzitako laugarren bat manifestari batengana joan ziren, “esandakoengatik minduta edo”, eta kolpatzen hasi ziren, “bere gorputzean porra bat puskatu zutelarik”. Emaztea laguntzera joan zitzaiola, baina ez ziotela hurbiltzen utzi gaineratu du EH Bilduk, “are eta gehiago, biak kolpatzen jarraitu zuten”. Hain zuzen ere, senar-emazte horiek dira datorren astean Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituztenak. Kolpatuta izaten ari zirenak laguntzera joan ziren herritarretako bat atxilotuta eraman zuten ertzainek.
Mobilizazioa, bezperan
Madrilgo epaitegian egingo den epaiketaren kontra elkarretaratzera deitu du EH Bilduk bezperarako, hilaren 9rako. Miramarren egingo dute, 19:00etatik hasita, ordu erdiz. “Euskal gizarteak jasan duen eta garai berri hauetan jasaten duen jazarpen polizialari ‘ez’ esateko, poliziak emandako tratu iraingarriei ‘ez’ esateko, manifestazioan kalteak jasandako herritarrei babesa eskaintzeko eta epaiketa politikoen amaiera eskatzeko” herritarrei mobilizaziora joateko deia luzatu diete koalizio abertzaleko Hondarribiko arduradunek.