Hondarribia Arraun Elkarteak lidergoa defendatuko du bihar 17:00etatik aurrera Orion egingo den Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Ligako zazpigarren jardunaldian. 11 jardunaldietatik sei jokatu direnean, hondarribiarrak haur, kadete, gazte eta seniorretan nagusi dira. Beteranoen Maila da menderatzen ez duten bakarra; San Juan da lider, Donostia Arraun eta Hondarribiaren aurretik, nabarmen.
Neguko jaitsierak amaituta, Helduen Mailakoek lineako lehen estropada izango dute. Lehia handia espero da Hondarribia eta Orioren artean, Euskadiko eta Gipuzkoako txapeldunak, hurrenez hurren.
Hurrengoa Cazaubonen
Hilaren 20-21eko asteburuan Cazauboneko (Okzitania) Nazioarteko Estropadara bidaiatuko dute hondarribiarrek, hurrengo bi asteetako txapelketak prestatzeko, Hilaren 27an Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute Orion eta maiatzaren 13an, Legution, Euskadikoa.
Aulki mugikorreko txapelketen ondoren, nagusien zortzikoak ontzia biltegian gordeko du eta traineruen denboraldian soilik ariko dira.
Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Liga. Sailkapen nagusia
Haurren Maila
- Hondarribia. 1071 puntu.
- Santiagotarrak. 1024 puntu.
- Orio. 835 puntu.
Kadeteen Maila
- Hondarribia. 2516 puntu.
- Santiagotarrak. 1598 puntu.
- Orio. 655 puntu.
Gazteen Maila
- Hondarribia. 1527 puntu.
- Ur Kirolak. 522 puntu.
- Santiagotarrak. 498 puntu.
Helduen Maila
- Hondarribia. 751 puntu.
- Orio. 522 puntu.
- Santiagotarrak. 492 puntu.
Beteranoen Maila
- San Juan. 86 puntu.
- Donostia A. L. 36 puntu.
- Hondarribia. 32 puntu.