
Donibaneko atez atekoaren parte hartze prozesuko lehen txanda edo fasean 400 sanjuandarrek parte hartu dutela jakinarazi du Pasaiako Udalak. Donibanek, 2012ko erroldaren arabera, 2.280 biztanle ditu, horietatik 385 adingabeak. Joan den astean egin zituen udalak prozesu horren barruko lehen bilerak, eta horien “balorazio ona” egin du udalak, “salbuespenak salbuespen, herritarren gehiengoak jarrera parte hartzaile eta eraikitzailea” azaldu duelako egin diren saioetan, “errespetua nagusi izan da”.
Hilaren 8tik 12ra egin diren bileretan atez atekoaren gaineko informazioa eman dute udaleko, nahiz atez atekoa ezarrita duten udaletako teknikariek. Hainbat esparrutako herritarren esperientziaren berri ere izan dute 400 parte hartzaileek. Atez atekoa zergatik jarriko duten ere esan dute, “horren inguruan sor daitezkeen zalantza, kezka eta beldurrak argitu nahian”.
Hurrengo bilera erronda hilaren 18tik 23ra izango da, behin-behineko diseinua zehazteko.
Informazio bulegoa
Udalak jakinarazi du atez atekoaren gaineko informazio bulegoa zabaldu duela Arizabalo jauregian (udaletxean). Kontsultak eta kezkak argitzeko bi bide daude. Bat, telefono dei bat eginda (943 34 43 28), eta bestea bertaratuta. 08:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara dago zabalik astelehen eta asteazkenetan, eta gainontzeko astegunetan 08:30etik 15:00etara.