Pasaiak, nahi eta ezin
Hirugarren Mailako Pasaia KEk etxean galdu zuen larunbatean Getxoren kontra, 0-1. Nahi eta ezin ibili ziren antxotarrak. Partida ez zen ona izan, gol aukera gutxikoa, bi taldeek Hirugarren Mailari eusteko puntu beharra zutelako, eta beldur hori zelaiaren gainean nabaritu zen. Baina Pasaiak lehia bere alde jartzeko aukera aparta izan zuen 63. minutuan, getxoztarren jokaldi inozo baten ondorioz –baloia eskuekin area barruan hartu zuen Getxoko jokalari batek– Pasaiaren aldeko penaltia behartu zutelako; antxotarrek, baina, ez zuten aukera hori baliatu. 71. minutuan lortu zuten kanpokoek gola, eta markagailua partida bukatu arte ez zen aldatu.
Galdutako aukera izan zen antxotarrentzat larunbatekoa. Mailari eusteko hiru puntu mamitsu galdu zituzten, eta hurrengo irteeran –Gasteizko Aurreraren zelaian jokatuko dute zuri-gorriek– behin betiko ziurtatu nahi dute maila horretan postua.