Errenteria-Oreretako Sagardo Eguna ate joka dabil. Aurtengo ekitaldia berezia izaten ari da dagoeneko, 25. urteurrenarekin batera, herri sagastia jarri dutelako Arramendin. Hala ere, eguna bera izango da ekitaldirik potoloena, eta aurtengoan 49 sagardotegitako uzta probatzeko aukera izango da.
Atzo egin zuten Sagardo Egunaren aurkezpena, Aginaga sagardotegian (Usurbil). Urtero sagardotegi eta sagardogile bat omentzen dute, eta 25. aldian, Mikel Errasti aipatu sagardotegiko sagardogilea izan da. Errastik Antton Mendizabal eskultoreak egindako ikurra jaso zuen, joandakoen txalo artean. Antolakuntzak Errenteria-Oreretako plazara “urte askotan” etorri izana eskertu nahi izan dio Errastiri. Berak, berriz, nabarmendu zuen horrenbeste urte iraun baditu jendea “gustura” joaten delako izan dela, eta etorkizuna izango duela esan zuen: “Sagardoa dagoen bitartean, aurrera jarraituko du”.
Bestalde, 25 urteei begira jarri da antolakuntza, eta horretarako herri sagastia aproposa izan dela adierazi du. Hala, udalak sagastia egiteko eremua eskainitakoan, proposamena onartu zutela esan du, eta hilaren 13an aldatu zituzten 41 sagarrondo, “Sagardo Eguna egin eta egiten duten orori eskaintzeko”. Antolakuntzaren arabera, Sagardo Eguna “elkarlanean” egiten da, eta “herritar asko inplikatzen da”. Horiei, bai joandakoei eta baita oraindik lanean jarraitzen dutenei ere eskaini zieten. Era berean, euskal makila eman zioten Migel Erkisi “exenpluzko ibilbidea egin duelako; langile nekaezina, emankorra, lagun ona…”.
Sagardo Eguna
Larunbateko egunak aurrekoen martxa jarraituko du, eta eguna bitan banatua egongo da. Goizean, Gorena markaren sagardoa dastatzeko aukera izango da, Foru Plazan. Arratsaldean, berriz, Gipuzkoako Sagardogile Elkartearen barruan dauden sagardotegien txanda izango da, eta horren barruan baita Eusko Label marka ere. Horrez gain, elkartean ez dauden sagardotegiek ere parte hartuko dute: Linddurren Borda, Goiko Lastola, Alakurria, Beloki eta Ekain.
Era berean, dultzaineroak eta gaiteroak, txistulariak eta dantzariak, hainbat herritako musika eskoletako partaideak, trikitilari eta irrintzilariak, bertsolariak ikus ahal izango dira kaleetan. Horrekin batera, baserritarrak, gazta saltzaileak eta talogileak ere izango dira.
Aurreko urteetan bezala, sei euroren truke zapia, basoa, pintxoa eta zozketa baterako txartela jasoko dute bezeroek. Bi pertsonentzako afaria zozkatuko dute Errenteria-Oreretako Donosti sagardotegian.
Aurreko egunean, berriz, Gipuzkoako sagardogileen eskutik, sagardo kata egingo dute, 19:00etan, udaletxean. Irekia da, eta herritar guztiak animatu dituzte bertan parte hartzera.