Santano eta Villar, hitzarmena sinatzen
Gaur goizean sinatu dute Jose Antonio Santano Irungo alkateak eta Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioko presidenteak areto futboleko Errege Kopako finalaren gaineko hitzarmena, udaletxean. Lehia hori jasotzeko azken urratsa izan da gaurkoa. Finala maiatzaren 11n izango da, 21:00etan, Artalekun: Bartzelonak eta El Pozo Murtzia taldeek jokatuko dute.
Sarreren prezioa 15 eurokoa izango da, eta udalak jakinarazi du aurki jarriko dituztela salgai. Internetez ez da sarrera horiek lortzeko aukerarik izango. Marca TV kateak emango du, zuzenean, finala. Partidaz gain, hilaren 11n bertan, udalak harrera egingo die 13:30ean finalean dauden bi taldeetako ordezkariei.
Maiatzaren bigarren asteburua mamitsua izango da Irunen. Areto futboleko Kopako finalaz gain, Bidasoa-Irun eskubaloi taldeak Asobal Ligara igotzeko play-offa jokatuko du. Ikusteko dago bi kirol ekimen horien arteko bateragarritasuna nolakoa izango den.