Gipuzkoako zortziko txapeldunak Euskadikoa lortu nahi du bihar
20 ehuneneko aldearekin irabazi zuen Hondarribiko zortzikoak larunbatean Orion egin zen Helduen Mailako Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Txapelketa. Azken sei urteetan garaile irten dira hondarribiarrak, baina orain arteko tarte txikienarekin irabazi dute aurten. Bigarren, etxeko taldea sailkatu zen, hirugarren Irungo Santiagotarrak izan zen eta laugarren eta azkena, Donostiarra taldea.
Oriotarren eta hondarribiarren arteko lehia estua espero zen, neguan egiten diren distantzia luzeko bi txapelketa nagusietan nor baino nor aritu baitziren. Oriok Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen eta Hondarribiak Euskadikoa.
Bihar, helduen 8+eko Euskadiko Txapelketa egingo dute Legutianon (Araba) eta horrekin bukatuko dute nagusiek aulki mugikorreko denboraldia. Aurrerantzean, Mikel Orbañanosen esanetara jarriko dira herriko arraunlariak, ekainean hasiko den traineru denboraldia prestatze aldera.
Euskadiko Txapelketan bost ontzi lehiatuko dira: Gipuzkoakoan indarrak neurtu dituzten laurak eta Raspas. Bizkaitarrek Baionako Aviron taldearekin ontzi mistoa osatu zuten Cazabouneko Nazioarteko Estropadan eta proba irabazi zuten, Hondarribiaren eta Orioren aurretik. Ikustekoa da eurek bakarrik nolako maila emateko gai diren.
Hondarribia Arraun Elkartearen 8+ ontzia: Julen Castrillon, Manex Alday, Iñigo Vertiz, Gorka Vertiz, Beñat Egiazu, Jon Muguruza, Ugutz Bilbao, Iñigo Sagarzazu eta Ander Moran lemazaina.