Iridoy, gaur, udaletxean azalpenak ematen
Xabier Iridoy Irungo EAJren udal taldeko bozeramaileak, azken asteetan kaleratu diren hainbat informazioren eta azken Udalbatzan alkateak aurkeztutako erakunde adierazpenaren harira, Zaisaren gaineko hainbat gai argitu ditu. Izan ere, atzo Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako arduradunekin bilkura izan zuen Iridoyk, eta lehen eskutik jaso zuen informazioa: “Eusko Jaurlaritzak Zaisarekin kontatzen du”. Izan ere, alkateak Zaisa aitortzeko egin zuen adierazpena sinatu zuen EAJk, “baina zuhurtziagatik ez gunuen adierazpenik egin nahi izan, informazio horien atzean segurtasun osoz zer zegoen jakin arte”.
Adierazpen horiek Lezo-Gaintxurizketa eremuan egin nahi duten logistikarako plataformarekin dute harremana. Hala, hainbat esparrutan, Zaisa horren kanpo geldi zitekeela ulertu zela jakinarazi du EAJren buruak, “baina hori ez da horrela. Inongo momentuan ez da Zaisa gobernuaren planetatik baztertu, guztiz kontrakoa baizik. Zaisa Gipuzkoako plataforma logistiko nagusia da. Gure hiriarekin batera, Atlatiar Arkuko garraioari balio erantsia eskaini, eta horri etekina aterako dio”.
Iridoyren ustez, ordea, plataforma logistikoaren izena ez da zuzena, Zaisaren eremu geografikoa ez duelako kontuan hartzen. Hortaz, atzo Gasteizen izan zuen bileran, izen aldaketa proposatu zuen jeltzaleak, “ez baitu ordezkatzen duen errealitatea jasotzen”. Hala, bileran bertan jeltzaleak Oarso Bidasoa plataforma izena proposatu zuen, “edo garraioen eta logistikaren sektorean Irunen garrantzia bilduko zuen beste izenen bat ematea. Proposamenak harrera ona izan zuen, eta erantzun bat emateko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak”.