Lanpostu batzuen berariazko osagarriak sortu du eztabaida bakarra plenoan
Apirileko udalbatzarra lasai joan da Errenteria-Oreretan. Bost puntuko gai ordena zeukaten aurretik zinegotziek, eta hirugarren puntuak, zenbat lanpostuk dedikazio bereziarengatik jasotzen duten berariazko osagarria berriro izendatzeak, sortu du zinegotzien artean eztabaida bakarra. Alazne Korta Barne Antolamenduko zinegotziak azaldu duenez, urteetan berariazko osagarri horiek ez dira berrikusi, ezta jarraipenik egin ere. Orain asmoa urtero horren jarraipena egitea dela azaldu du, eta era berean ikustea ea zergatik jarri ziren osagarri horiek eta egun horretarako arrazoirik badagoen ala ez. Horrekin batera nabarmendu du orain ematen ari diren pauso hori ez dela azkena izango, eta “lanaren hasiera besterik” ez dela.
Gainontzeko alderdi guztiak ados azaldu dira udalak egindako urrats horrekin, baina PP, EAJ eta PSE-EEri ez zaie nahikoa iruditu, eta batik bat EAJ eta PSE-EEk udalaren “forma” salatu dute, oposizioarekin ez kontatzeagatik osagarri horien berrikuspena egiterako garaian. Kortak erantzun die, nahiz eta erabaki organoetan ez egon, horietan hitz egin ondoren, “paraleloki” azaldu zaiela zertaz hitz egin duten, eta horrekin batera, kontuan hartu dituztela euren proposamenak.
Azkenean, aurrera atera da erabakia Bildu eta Ezker Anitzaren aldeko botoekin. EAJk kontra bozkatu du, eta PSE-EE eta PP abstenitu egin dira.
Hurrengo bi puntuak Zumardiko kioskoaren esleipena eta auto taxi zerbitzuaren udal ordenantzari argi berdea ematea izan dira, eta biak aho batez onartu dituzte.
Galdera eta eskariak
Galdera eta eskarien atalarekin luzatu da udalbatzarra, eta PPk Ahotsak ekimenari buruz galdetu eta erantzuna jaso ondoren, PSE-EEk hiru gai atera ditu. Batetik, aurreko plenoan Kabiaren osoko gastuaren gainean hainbat argibide jasota ere, oraindik zenbait zalantzekin jarraitzen dutela esan du Jose Angel Rodriguez bozeramaileak, eta 7.000 euroko faktura batengatik galdetu du. Julen Mendoza alkateak azaldu dio Alkatetzaren publizitatearen partidaren barruan sartu dutela. PSE-EE mesfidati agertu da, beste fakturekin gauza bera egin ote duten, baina alkateak erantzun die ia ziur dela hori izan dela bakarra.
Beste puntuan San Marko gotorlekuko jatetxearen baldintzetan “Hego Euskal Herria” terminoa erabiltzeagatik “gauzak aldatzeko obsesioa” edukitzea egotzi dio udal gobernu taldeari, “marko juridiko administratiboan esistitzen ez denean”.
Azkenik, maiatzaren 10ean Schondorfeko ordezkaritzaren bisita jasoko dutela eta, izen bera daraman parkea “egoera itsusian” dagoela esanda, hori txukuntzeko eskatu du. Alkateak kontuan hartuko duela esan du.