Baobab-ek Bigarren Mailara igotzea du helburu gaur
Areto Futboleko Hirugarren Mailan jokatzen duen Baobab talde oiartzuarrak Bigarren Mailara igotzeko kanporaketa jokatuko du gaur arratsaldean Elorsoron, Tolosako Bikutz taldearen kontra. 18:30ean hasiko da partida eta oiartzuarrak dira faborito, etxean jokatzen dutelako eta liga hobeto amaitu dutelako —bigarren postuan 54 punturekin, hirugarren Bikutzek baino lau gehiago—.
Nolanahi ere, Baobabekoak ez dira fio, ligako lehen itzuliko partidan tolosarrentzat izan baitzen garaipena Elorsoron (2-5). Bigarren itzulian mendekua hartu zuten oiartzuarrek eta 2-4 nagusitu ziren Tolosan. Hala, biek ala biek dakite beste taldeak non egiten duen huts eta non den garaitezin. Baobab taldeak multzoko defentsa onena du eta, aldiz, erasoan talde hobea da Bikutz.
Hogeitabi partida eta gero, gaur erabakiko da orain arteko guztiak zerbaiterako balio izan ote duen. Arratsaldeko zortzirak baino zertxo bait lehenago jakingo da bi taldeetatik zeinek, Oiartzungo Baobabek edo Tolosako Bikutzek, jokatuko duen heldu den denboraldian areto futboleko Lurraldeko Bigarren Mailan.
Pescados Ferreres izan da lehena
Atzo gauean beste kanporaketa jokatu zen eta Pescados Ferreres Anaiak talde pasaitarrak lortu zuen garaipena, Goizuetako Umore Onaren kontra (4-2). Gaurko partidan irabazten duenak, igotzeaz gain, antxotarren kontra jokatu beharko dute hilaren 18an, Hirugarren Mailako txapela helburu.
Baobab igotzen bada, oiartzuar derbia izango da datorren denboraldian Bigarren Mailan, maila horretan jokatzen baitu Power Rangers herriko beste taldeak. Lehen Mailan Oiartzun taldea dago eta bigarren postuan bukatuko du liga erregularra.