Gaur arratsaldean jokatuko da mahai teniseko Gizonen Superdibisioaren azken jardunaldia. Bi ordutan —partida guztiak ordu berean jokatuko dira, 18:00etan— gauza asko erabakiko dira. Inork ez dio txapela kenduko Cajasur Priego taldeari, baina bigarren postua, Europan jokatzeko azkena eta jaitsiera, hori guztia jokoan izango da gaur.
Leka Enea Irunek historiako sailkapen onena lortuko du gaur, baina postu hori bigarrena edo hirugarrena izango den zehazteke dago. Irundarrak bigarren daude sailkapenean eta seigarrenaren kontra jokatuko dute Hirubiden. Arteal Santiago da hirugarren, puntu bat gutxiagorekin. Baina galiziarrek
average hobea dute eta, hortaz, irundarrei ez dute nahiko izango berdinketarekin, eta Europako postua jokoan izango duen L’Escalari irabazi behar diote.
Berdinduz gero, Artealek gauza bera edo galdu egin beharko luke San Sebastian de Los Reyesekin, eta irundarrek galduko balute, Santiagokoek ere galdu beharko lukete. Nolanahi ere, hirugarren geratuta ere emaitza historikoa litzateke Leke Enearentzat, inoiz lortu gabekoa.
Europa eta jaitsiera jokoan
Europan jokatzeko eskubidea ematen duen azken lekua, seigarrena, erabakiko da azken jardunaldian. Bi talde katalanen artean erabakiko da, CER L’Escala eta Mataro Quadisen artean. Gironarrak daude aurretik, baina partida zailagoa izango dute, Matarok ezer jokoan ez duen UCAM Cartagenarekin jokatuko baitu, eta L’Escalak Leka Enearen kontra.
Beheko aldean, Ceutak eta Hispalisek jaitsierako postua izango dute jokoan. Aurten talde bakarra jaitsiko da, Guadix txapelketatik erretiratu zelako. Sevillarrek atseden dute baina jokatu gabe lor dezakete mailari eustea, Ceutak galtzen badu. Bien arteko bi partidetan berdindu zuten, baina Hispalisek irabazi eta galdutako set-en koefiziente hobea du.
Sailkapena
- Cajasur Priego. 34 puntu
- Leka Enea Irun. 31 puntu.
- Arteal Santiago. 30 puntu.
- San Sebastian de los Reyes. 28 puntu.
- Borges Vall. 21 puntu
- CER L’Escala 18 puntu.
- Mataro Quadis. 17 puntu.
- Caja de Burgos. 13 puntu.
- UCAM Cartagena. 10 puntu.
- Gabitec Ceuta. 4 puntu.
- CTM Hispalis. 4 puntu.