Herrirak antolatutako Plazara ekimenarekin ere bat egin dute zenbait herritarrek Errenteria-Oreretan, eta hilaren 18an Auzoetatik Plazara aterako dira martxan. Herriko zenbait auzotatik aterako dira
Giza eskubidea, irtenbidea eta bakea lelopean, eta ondoren, hiru zutabe nagusietan banatuko dira, Santa Klara plazan, Alaberga biribilgunean eta Katalunia biribilgunean (Pontika), 11:45ean. Zutabe bakoitzak aldarrikapen bat edukiko du: Santa Klarakoak,
Euskal preso eta iheslariak herrira, Alabergakoak,
197/06 doktrina eten eta Katalunia biribilgunekoak,
Aitzol herrira.
Eguerdiko hamabietan elkartuko dira hiru zutabeak Koldo Mitxelena plazan, eta jarraian hainbat ekimen egingo dituzte.
Errenteria-Oreretako Herriraren arabera, beharrezkoa da konponbidean aurrera egiteko “gatazkaren ondorioz preso eta erbestean dauden herritarren egoeran arreta jartzea”. Gogorarazi du Euskal Herritik ehunka kilometroetara sakabanatuak jarraitzen dutela, “eta horrek ondorio larriak dakartza, bai preso eta erbesteratuentzat eta euren senideentzat”.
Presoen eskubideak errespetatzeko “lehen urrats” batzuk errespetatu behar direla esan du: euskal presoak Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituzten presoak libre uztea, bizi osorako espetxe zigorra eragiten duten neurriak bertan behera uztea eta pertsona bezala dagokien giza eskubide guztiak errespetatzea.