Batzokiaren bermea udal aholkulariei jarraituta egin zutela esan du PSE-EEk
Batzoki zaharraren orubearen espropiazioaren harira, prozesua bukatu izanarekin “pozik” agertu da Errenteriako PSE-EE, baina agerraldi horretan Julen Mendoza alkateak egin zituen adierazpenekin ez dator bat. Aurreko gobernuak espropiazio prozedurarengatik 2006an 200.000 euroko bermea utzi izanagatik, “arduragabea” izan zela esan zuen alkateak, udalaren egoera ekonomikoa orduan oraingoa baino “askoz hobea” zela iritzita. Zentzu horretan, Jose Angel Rodriguez PSE-EEko bozeramaileak erantzun dio udaleko zerbitzu tekniko eta juridikoen aholkua jarraitu zuela orduko gobernuak, “jaberik ez zegoenez, ez zegoelako behin-betiko akordiorik lortzeko aukerarik”. Rodriguezen iritziz, “asmo txarrez” egin zituen alkateak adierazpen horiek: “Bera zuzendaritzan lizentziatua eta Pasaiako Udaleko hirigintza aholkulari izanda kudeaketa horiek ezagutzen ditu, eta adierazpen horiek asmo txarrekoak izatea baino ezin da ulertu”.
Rodriguezek gogorarazi du udalak EAJrekin batzokiaren orubearen gainean lortu duen akordioan udalaren zenbait lokal EAJri ematea adostu dutela, eta udala lokal horien jabe “aurreko gobernuen kudeaketarengatik” izan dela iritzi dio. Euren “aurreko aholkulari politikoengatik” izango balitz, herriak ez lukeela inongo hirigintza ustiapenik izango” adierazi du.