Kultura Sailak Hezikuntza Guraso elkartearekin, Munttar Txistulari Elkartearekin, Murixka dantza Taldearekin eta Orratx Nazerki Taldearekin zituen hitzarmenak berritu zituen atzo arratsaldean egin zuen sinadura ekitaldian. Mikel Arruti Kultura Zinegotzia eta Xanti Val Kultura teknikaria izan ziren ekitaldian, lau elkarteetako ordezkariekin batera. Hitzarmenaren bidez herri ekimenean lau talde horiek duten garrantziaren aitortza egiten diela udalak nabarmendu zuen Arrutik, “Lezoko kultur jardueretan talde horiek urteetan izan duten ibilbidearen garrantzia nabarmendu nahi dugu”.
Hitzarmena sinatuta, elkarteek hainbat betebehar izaten dituztela jakinarazi zuten bestalde. Besteak beste urtean zehar hainbat ekimen egin beharko dituzte taldeek. Udalak bere aldetik, diruz laguntzeaz gain, bere jabetzakoak diren lokalak uzten dizkie.
Hitzarmenen bidez, herriko elkarteak indartu eta haien biziraupena bermatuko duen oinarrizko baldintzak ziurtatu nahi dituztela azaldu zuten Arrutik eta Valek.
Lankidetza hitzarmenen artean zaharrena Orratx Antzerki taldearekin sinatutakoa dela azaldu zuen bestalde Valek, “199az geroztik berritzen joan dena”. Murixka Dantza taldearekin 2005ean sinatu zuten lehen aldiz; Hezikuntza Guraso elkartearekin, 2008an, eta Munttar Txistulari taldearekin estreinakoz sinatu zuten atzokoan.
Udal ordezkariek adierazi zutenez, “egoera ekonomikoa ez da oso airosoa. Hala ere aspaldi hasitako bideari jarraipena eman nahi diogu”.