
Oinatz Mitxelena eta Juan Mari Unanue, atzoko agerraldian
Palmera-Montero eremuko gizarte azpiegitura berriaren gaineko egitasmoa aurkeztu berri du Irungo Udalak. Bilduren ustez, egitasmo horren funtsa kulturala zen, baina izaera hori galdu egin duela esan zuen atzoko agerraldian Juan Mari Unanue Bilduren udal taldeko kideak, “ez dakigu herritarrekin egingo dituen bileretan horren gaineko zein azalpen emango dituen alkateak. Baina hainbat gai argitu behar dira. Eraikin horren helburua kulturala zen. Uste dugu hori guztiz galdu egin dela, inolako ekarpenik egiteko aukerarik eman gabe”. Bilduko kideek egitasmoaren alde bozkatu zutela jakinarazi zuten, baina orain kexu dira, “udalak hiru milioi euro jarri ditu, baita lur publikoa ere, bertan supermerkatuak ere egiteko”. Lanak bitartean inguruko bizilagunen segurtasunaren aldeko jarrera agertu zuen aldi berean Bilduk, eta hori bermatzeko neurriak ezartzearen aldekoa da.
Udal erabakietan herritarren parte hartzeaz gogoeta egiteko baliatu zuten atzoko agerraldia bai Unanuek zein Oinatz Mitxelena bozeramaileak. Parte hartze hori “urria” dela esan zuten, eta udalak herritarrei azalpenak emateko bilerak egiten dituenean “informazioa ematera soilik” mugatzen dela jakinarazi zuten, hau da, ez dutela erabakitzeko ahalmenik. Hori Palmera-Montero egitasmoarekin gertatu dela salatu zuen atzo Bilduk, “parte hartzerik gabe egitasmoa aldatu dute. Aldaketa handiak egin dituzte. Udal gobernu honek daukan parte hartzearen kontzeptua informatiboa da, eta horrela esana du alkateak”.
Horren harira, hainbat galdera egin zizkion Mitxelenak Jose Antonio Santano alkateari: “Zeintzuk dira asteazkenean [gaur] halako bilera bat deitzeko arrazoiak? Zein gizarte nahiz kultur onura ekartzen dizkio egitasmo horrek Iruni?”. Mitxelenak esan zuen Palmera-Monteroko azpiegituran, nahiz Alarde eremuan merkataritza gune handiak egiteko asmoa dagoela –Alarde eremuan 2.000 metro koadroko azalera duen supermerkatua jartzeko asmoa dago–, eta horregatik, hiriko komertzio txikia alboratzen ari direla adierazi zuen, “komertzio handiak eta txikiak bateragarri izan daitezkeela uste dugu. Baina supermerkatu berriak egiteko asmoarekin ez dira denda txikiak laguntzen. Beharrezkoak al dira hain espazio mugatuan hainbeste superfizie handi?”. Aldi berean, San Juan Etxeandiako hotel berrian ere azalera handiko denda bat jartzeko asmoa dagoela jakinarazi zuen Bilduk.