Errenteriako Udalak Kultura arloan aurrera eraman nahi dituen egitasmoen harira, PSE-EE kontra azaldu ondoren, Errenteriako PPk ere bere desadostasuna agertu du. PPren iritziz, kultura eta sormen polo hori egun badago: “Udal gobernu taldeak herritarren kultura eta sormen eskaerari erantzuteko ez ditu zertan errenteriarrak zorpetu behar ia 8 milioi eurora iristen den kantitatearekin”.
Gaur goizean agerraldia egin dute Jose Manuel Herzog eta Maria Angeles Bastos PPko zinegotziek, eta Lekuona eta Torrekuako proiektuak izan dituzte hizpide. Lekuona eraikina berritzearen alde agertu da PP “kosten legearen menpe dagoela eta bestela galdu egingo litzatekeela kontuan hartuta”. Hala ere, iraingarritzat jo du udalak esatea Dantzagunea Lekuonan ez bada aldundiak ez diola 250.000 euroko diru laguntza emango “horrek udalari hasieran zehaztutakoa baino 30 aldiz handiagoa den kopurua gastatzera behartzen baitu”. Horrez gain, “kultur ekitaldiez gain, ekitaldi sozialak ere” hartu beharko lituzkeela iritzi dio: “Instalazio horrek bisitariak ekar ditzake herrira, mugimendu kulturalaz gain, ekonomikoa ere erakartzeko”.
Ez dago ados ere Lekuona berritu bitartean Dantzagunea kulturgunera eramatearekin: “Gogorarazi behar da bere garaian gune hori moldatzeak 1 milioi euroko gastua ekarri zuela, eta orain bi urteko erabilpen bat emateko ez dagoen diru bat gastatu nahi duela udalak (500.000 euro) orduan egin zena puskatuz”.
Torrekua
PPk adierazi du Torrekuan Jantzien Museoa egiteko Espainiako Gobernuak 3 milioi euroko diru laguntza bideratu zuela, baina erabaki horren ondorioak aztertu dituen galdetu dio gobernu taldeari. Horrez gain, Ereintzarekin Jantzien Museoaren gainean zein akordio lortu duen oraindik ez jakitea salatu du PPk. Torrekuan ere “hostel milioidun baten beharrik” ez dagoela esan du. Ildo horretatik, eskaintza publikoa indartzean pribatuak era gauza bera egiten duela azaldu du, eta Jantzien Museoa ikustearen aitzakiarekin jendeak gaua pasatzen geratuz gero, herria “bere kasa” hornituko dela.
Udal gobernu taldeak gauzak ongi aztertu gabe jokatu duela uste du PPk, eta zentzu horretan, hiru galdera egin dizkio: “Non daude kontuak? Zein diru sarrera beharko dira? Nondik aterako dira?”.