Aniztasunaren Eguna ospatzeko, hainbat antzezlan eskainiko dituzte barrutietan
Ekainaren 1ean, bihar, Euskal Herriko Aniztasunaren Eguna ospatuko da, eta horren harira, Pasaiako Udalak hainbat ekintza antolatu dituzte, “haurrek eta gurasoek goza ditzaten”. Horrela, datorren astean Pizgailu magikoa antzezlana eskainiko dute Donibanen eta San Pedron, euskaraz eta arabieraz. Lehenengo emanaldia asteartean izango da, Donibaneko liburutegian, 17:30etik aurrera. Pareko barrutiko liburutegian, berriz, hurrengo egunean 18:00etan izango da ipuin kontaketa.
Nasrudin eta bere astoa ipuin kontaketa, berriz, ekainaren 11n eta 13an ikusteko aukera izango Trintxerpen eta Antxon, hurrenez hurren. Lehen emanaldia alkateordetzan izango da, 18:00etan hasita. Antxoko Kultura Etxean izango da bigarrena, ordu berean. Hori ere bi hizkuntzatan egingo dute.
“Garen bezalakoak izateaz harro”
Pasaiako Udalak adierazi duenez, “gure herria askotarikoa dela ospatzeko”, antolatu dituzte ekitaldi horiek. Hala ere, Pasaia askotarikoa dela “berria ez dela” esan dute, “jatorri askotariko jendeak osatzen baitu herri hau”. Horregatik, “aniztasuna aldarrikatuko dugu gaur, garen bezalakoak izateaz harro gaudelako”.
Jatorriarenaz gain, Pasaiako hizkuntza aniztasuna aldarrikatu du Amaia Agirregabiria alkateak: “Pasaiako kaleetan euskaraz gain, hizkuntza asko entzun daitezke: galegoa, portugalera, gaztelania, arabiera… Herriko jendearen jatorria askotarikoa da, baita euren pentsatzeko eta sentitzeko era ere. Aniztasunak aberastu egiten gaitu, hobeak egiten gaitu, eta herri gisa, hazi egiten gaitu. Beraz, gaur gure eguna da, ospa dezagun! Jatorri anitz, herri bakarra: Pasaia!”.