Onkologikoa Osakidetzan sartzearen alde agertu da gobernu taldea
Joan den asteazkenean egindako plenoan Onkologikoa Osakidetzan sartzearen alde egin zuen gobernu taldeak. EAJk eta H1ek EH Bilduk aurkeztutako mozioaren kontra egin zuten, Onkologikoa osasun sistema publikoan sartzeari ez diotelako abantailarik ikusten.
Pello Aramendi Gizarte-Ongizate zinegotziak azaldu zuenez, “osasuna eskubide bat da eta ezin du ez errentaren eta ez merkatuaren menpe egon. Osasunaren kudeaketa publikoa aldarrikatzen dugu eta Onkologikoa osasun sistema publikoan sartzea Euskal Herriarentzako mesede izango dela uste dugu”. EAJko Mikel Idiazabalek, ordea, ez dio abantailarik ikusten Onkologikoa publiko izateari: “Konfiantza dut Eusko Jaurlaritzarengan eta Kutxabankengan. Fundazio pribatua izanik, erreferente izan da. Gu ere ados gaude Onkologikoa eta lanpostuak mantendu behar direla”.
Udalak, bestalde, joan den asteburuan izandako eraso matxistaren inguruko adierazpena irakurri zuen. Denak ados agertu ziren adierazpen horrekin.
Amnesty Internationalek heriotza zigorraren kontra aurkeztutako mozioa ere aho batez aurrera atera zen. Hakamada Iwao janponiarraren kasua biltzen da bertan. Iwaok 44 urte daramatza heriotza zigorrera kondenatua.
Plan Ekonomiko Finantzarioa, aurrera
Gobernu taldearen aldeko botoekin udalaren Plan Ekonomiko Finantzarioa onartu zen (EAJ eta H1 abstenitu egin ziren). Plan hori foru arauak betetzeko onartu da. 2012an emaitza onak izan ziren, 2011ko galerak estaltzeko adina ez, ordea. 2012rako egindako planarekin jarraituko du udalak. Zenbait inbertsio 2014ra atzeratzea erabaki dute ere, egoera ekonomikoa hobetzeko.
Establezimenduetan jarduerak irekitzeko zerga ordenantza ere egokitu udalak, lege aldaketak horrela eskatzen du. Aho batez onartu zen ordenantza; 30 egunez jarri dute jendaurrean.
Horrez gain, Haurtzaro Ikastolako fatxada izan zuten hizketagai. Ikastolak fatxada konponduko du eta hobaria aplikatzeko eskatu du, onura publikoko erakundea delako. %95eko hobaria aplikatzea onartu zuen udalbatzarrak, kopuru hori da legeak uzten duen gehienezkoa.
Maiatzeko protokolo gastuei dagokionez, 220 euro gastatu direla jakinarazi zuten, harpidetza, bidaia eta ikurrinan.