San Markoko zabortegiaren behin betiko itxiera gertuago dago, eta Errenteriako Udalak dagoenek baimena eman du bigarren faseko obrak egiten hasteko. Lizentzia emana duenez, sei hilabete baino lehen hasi beharko dituzte bigarren faseko lanak. Lan horiek 18 hilabeteko epea izango dute. Egun zabortegia dagoen espazio horretan Lau Haizeta parkea egin nahi dute.
Gaur eman dute bigarren fasearen gaineko lanen berri Luisma Diez Hirigintza zinegotziak, Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak eta Julen Mendoza alkateak.
Udala “ahalik eta bizkorrenen” lan egin duela esan du lizentzia hori emateko. Hala, zabortegia itxi eta zigilatuta uzteko proiektua martxoaren 6an jaso zuela argitu du Diezek, eta eskaera jaso ondoren, informe teknikoak begi onez ikusi duela, eta maiatzaren 14ean eman duela udalak baimen hori. Hurrengoak Donostia eta Astigarragako udalak izan behar dute baimen hori ematen. Obra horiek San Marko Mankomunitateak finantzatzen ditu. Kostea, azken finean, San Markoren barruan dauden 13 udalen gainean dago.
Bigarren fasearen barruan beste hiru azpifase egingo dituzte. Lehenengoan, zabortegiaren dranaia eta desgazifikazio zuzena egingo dute. Bigarren azpifasea izango dela arazo gehien ekarriko duena ohartarazi du Diezek, berak sortuko baitizkie usainarekin arazo gehien bizilagunei. Izan ere, lur azpian dagoen masa mugituko dute. Azkeneko azpifasea finkatze eta jarraipenarena izango da. Bigarren fase honekin bukatuko da San Markoko zabortegia ixteko prozesua. Gero kontrolatu egin beharko dute, eta 20 urteko iraupena du.
Rivas-Vaciamadrideko kasua
Batez ere, Beraun, Kaputxino eta Galtzarabordako bizilagunak izan dira zabortegiaren ondorioak pairatu behar izan dituzten bizilagunak, eta batik bat horiei zuzenduta (nahiz eta herritar guztiei irekia egon), ekainaren 5ean hitzaldi bat emango dute zabortegien itxieraren berri emateko. Hor, zabortegiaren itxiera bat bizi izan duen herri bateko ordezkariaren bisita edukiko du: Jorge Romea Rivas-Vaciamadrideko ingurumen teknikaria. Herri horretako zabortegiaren itxiera eta zigilatzea onenen bezala katalogatua dago, eta kasua gertutik ezagutzeko aukera izango da. Bere ondoan izango da Julen Mendoza alkatea ere. 19:30ean hasiko da hitzaldia, Koldo Mitxelena institutuan (Galtzaraborda etorbidea).
Mendozak udalaren konpromisoa berretsi du zabortegia ixterako orduan: “Garai batean egon zitekeen beldurra sartu zuten udalaren asmoa San Marko irekitzea zela esanez, baina behin baino gehiagotan esan dugu ‘ez da pentsatu ere’. Hasieratik esan dugu udalaren asmoa ez dela hori”.