Ion Areitio txirrindulari hondarribiarra hirugarren postuan sailkatu da Poloniako Walbrzych herrian egin den 2013 Munduko Trialsin UCI Kopako bigarren proban. Finalaren atarian bosgarren geratu zen eta finalean hirugarren. Posturik onena lauko superfinalean lortu zuen, bigarrena, baina ezin izan zuen Comas katalanak finalean ateratako tartea murriztu eta podioko hirugarren koskara igo zen Areitio.
Areitioren helburua lehen lauren artean sailkatzea zen eta, horrela, superfinala jokatzeko aukera izatea. Baina aurretik zortziko finalera sailkatu beharra zuen eta finalerdietan bosgarren geratuta lortu zuen hori hondarribiarrak. Lehen itzulian 14 penalizazio puntu egin zituen eta bigarrenean bat gutxiago, 27 guztira. Laugarrenak baino puntu bakar bat gehiago egin zuen eta hirugarrenak baino bi gehiago. Horrek, superfinaletik gertu jartzen zuen.
Finalean dena eman zuen Areitiok eta hirugarren postuan sailkatu zen, finalerdietan aurretik izan zituen Koekoek nederlandarra eta Pils alemaniarra gaindituz. Abel Mustieles izan zen onena finalean (4 punturekin), Dani Comas bigarren (15), Areitio hirugarren (28) eta Vaclav Kolar txekiarra sailkatu zen laugarren (30). Lau horiek sailkatu ziren superfinalerako.
Azken proban finaleko lau onenek jokatzen dute, itzuli bakarrera, eta finalean lortutako puntuekin abiatzen dira. Hortaz, Mustieles zen faborito nagusia eta ez zuen hutsik egin, iaz Munduko Kopa zergatik irabazi zuen erakutsiz. 2 zigor puntu baino ez zituen egin aragoarrak. Areitio sailkatu zen ondoren superfinalean, 6 punturekin, Comasen (8) eta Kolarren (12) aurretik. Guztira, Mustielesek 6 puntu lortu zituen, Comasek 29, Areitiok 34 eta txekiarrak 42.
Sailkapen nagusian hirugarren
2013ko Munduko Kopa bigarren proba eta gero Abel Mustieles jarri da lidergoan, Alemaniako proba irabazi zuen Benito Ros nafarra ez baitzen Polonian lehiatu. Rosen hutsunea ondo baliatu dute aurkariek eta Walbrzycheko lehen hirurek, Mustielesek, Comasek eta Areitiok, sailkapen orokorreko lehen hiru tokiak bereganatu dituzte.
Sailkapen orokorra
- Abel Mustieles. 235 puntu.
- Dani Comas. 215 puntu.
- Ion Areitio. 205 puntu.
- Rik Koekoek. 185 puntu.
- Oswald Dominik. 170 puntu.