Erdi Aroko asteburua bizituko du Hondarribiak
Erdi Arora itzuliko da Hondarribiko Hirigune Historikoa larunbat eta igandean. Era guztietako jarduera, ikuskizun eta ekitaldiak programatu dituzte, denak garai bateko kutsukoak. Urtero zitari jarraituz, milaka bistari jasoko ditu asteburuan Hondarribian, Erdi Aroko Azoken zirkuituan leku nabaria duelako hemengoak. Bi egunetako ordutegia bera izango da: 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
Aitor Kerejeta alkateak azokak garai bateko bizitzaren ezaugarriak biltzen dituela nabarmendu du: “Arotzak, errementariak, upelgileak, urreginak, harginak, haima arabiarrak, kontu kontariak, ardiak eta abar, gure erdi aroko hirigunera itzuliko dira, garai hartako artisauen jakintzaz eta langintza egokiaz goza dezagun” esan du Aitor Kerejetak, Hondarribiko Alkateak. “Alde Zaharra Erdi Aroko gaiekin apainduko dugu, eta bide batez, bizilagunei azoka honek zor ditzazkeen arazoen inguruan ulerpena eta barkamena eskatu nahi nieke. Jakin badakigu hala dela, baina ekimen oso berezia da, ikusle asko erakartzen dituena, eta denok ateratzen gara irabazle azken finean”, gehitu du alkateak.
Berritasun bezala, folk kontzertua izango da larunbatean Erreginaren baluartean, azoka bukatuta, 21:00etan. Ensemble Diatessaron euskal folk taldean Erromes Bidea goiburuko emanaldia eskainiko du, doan.
