
Udaleko eta Kontserbatorioko ordezkariak atzoko aurkezpenean
Goazen Parkera ekimena egingo dute Irunen. Horren barruko hiru saio egingo dituzte, lehena hilaren 14an (etzi), bigarrena uztailaren 27an, eta hirugarrena irailaren 14an. Egitasmoaren helburua honakoa da: Irungo parkeetara gazteak hurbiltzea, bertan kultur jarduerekin gozatzeko. Irungo Udalaren Gazte Artean proiektuaren barruan dago ekimen hori. Fernando San Martin Gazteria Saileko ordezkariak atzoko agerraldian esan zuen aisia aukera aproposa dela Goazen Parkera, “gazteak, koadrilan, hiriko beste eremu batzuk ezagutzeko aukera izango dutelako, eta kulturaz eta musikaz goza dezaketelako, lasaitasunean”.
Lehen saioa ostiralean egingo dute, arratsaldean. Mendibil parkeko belardian Irungo Kontserbatorioko eta Musika Eskolako 200 bat ikaslek hainbat emanaldi egingo dituzte. Bigarrenean, uztailaren 27koan, Baron de Oña parkean egingo dute saioa, eta udal gaztelekuaren sasoi bukaerako festa egiteko baliatuko dute aukera; besteak beste, Diego Diez DJak eta malabarista talde batek parte hartuko dute bertan, Jaxenolaf taldeak hain zuzen. Irailaren 14an, berriz, Sargia parkean egingo dute saioa, baina oraindik zer egingo den lantzen ari dira.