Kurtso bukaerako kontzertua emango dute AMAren abesbatza gazteek
Andra Mari Abesbatzaren koru gazteetako ikasleek urtean zehar ikasi dutena ikusi eta entzuteko aukera izango da, ostegunean, 20:00etan, Fatimako parrokian. Musika tailerrak, Orereta Txiki, Orereta eta Oinarri abesbatzek parte hartuko dute. Lehenengoa Lorea Intxaurrandietak zuzendua, eta gainontzekoak Imanol Elizasuk.
Bakoitzak bere abesti zerrenda prestatu du. Orereta Txikik Itumo Nandodemo eta Gora ikastola abestiak interpretatuko ditu; Oreretak Laudate Pueri Dominun eta Alami; eta Oinarrik Juramento, Si tú no estás aquí eta Lean on me abestiak.
Abesbatzetako mutilekin eskolania ere osatuko dute, eta Vois sur ton chemin eta Compère Guilleri abestiak entzuteko parada izango da.
Kontzertua amaitzeko, hiru abesbatzek elkarrekin Hallelujah (Leonard Cohen), Akai Hana eta We are de world (Michael Jackson eta Lionel Richie) kantatuko dituzte.