Lezoko kale Nagusiko Sistiaga Enea etxea okupatu zuten hiru lagunei ezarritako zigorra berretsi egin du behin betiko Lurralde Auzitegiak. Horren arabera 1.200 euroko isuna ordaindu edo bi hilabateko kartzela zigorra (eta bi urteko epean lau hilabeteko aurrekari penalak) bete beharko dute etxea okupatu zuten lagunetako hiruk, usurpazio delitua berretsi baitu auzitegiak. Erabakia salatzeko eta zigortutako lagunei elkartasuna adierazteko larunbaterako elkarretaratze ibiltaria deitu dute Lezon. Gurutze Santuaren plazatik abiatuko da 11:30ean eta herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera.
2010. urtean okupatutako etxea
2010. urteko abuztuan etxe gabe eta langabezian ziren hainbat gaztek Gesolnor enpresaren jabetzakoa zen Lezoko Kale Nagusiko Sistiaga Enea etxea okupatu zuten. Gazte horiek adierazi dutenez, “utzita zegoen erabat etxea eta okupatuta, oinarrizkoa den etxebizitzarako eskubidea asetu nahi genuen”. Etxea okupatuta zortzi hilabete konponketak egiten aritu zirela gaineratu dute gazte horiek, epaile batek kaleratzea agindu zuen arte, “gainera gutako hiruri usurpazio delitua leporatu zigun”. Joan den urteko irailean epaitu zituzten gazte horiek, eta errudun zirela ondorioztatu zuen epaileak. Helegite prozesuak zigorra berretsi du orain.
Sistiaga Enea okupatu zuten gazteen iritziz, ohiko parametro juridikoetatik kanpo dago epaia: “Urteak eta urteak abandonu arduragabeenean zegoen etxean sartu eta hura konpondu eta bizileku duina bilakatzearen hautuagatik soilik zigortu gaituzte, ezin izan baitute gure aldetik jabearekiko inongo kalterik antzeman, ez eta bizilagun edota herritarrekiko ere. Ezin izan baitute gure erasokortasuna edo indarkeriaren aitzakia baliatu, ez eta inongo agindu judizial desobeditu dugunik aipatu”.
Gazteen jarrera eta epaitegien erantzuna “desproportzionatua” salatu dute halaber etxea okupatu zuten gazteek: “Bizi ditugun garaietan ekonomikoki itolarrian gauden gazteoi egoera horretatik irteteko edo beste modu batera bizitzeko sortutako aukeren aurrean, hara non itolarri handiagoko egoeran utzi nahi gaituen gutizi juridiko zitalaK, dirua ala espetxea. Dena etxe huts eta abandonatuei bizia eta zainketa emateagatik”.
Lagundu dituzten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete gazte horiek, eta epaiak epai beraien bizimodua etxe eta lur okupatuetan egiten jarraitzen dutela “zilegitasunez” nabarmendu dute, “gauza bat delako zer egiten diguten, eta bestea zer egiten dugun egiten diguten horrekin”.