Pasaiako Udalaren adierazpena LGTBI Egunaren aurrean
ARRAZOIEN AZALPENA
Ekainaren 28an LGTBI harrotasunaren eguna ospatuko da. Egun horrek orain dela 45 urte New Yorkeko Stonewall auzoan gertaturikoak gogoratzen ditu, gertaera haiek erreferente historikoa izan baitziren gay, lesbiana, bisexual, transexual eta intersexualek beraien eskubideak eta askatasunak aitortzearen aldeko borrokan. Borroka horretan leku nabarmena dute LGTBI elkarteak, urteetan zehar lortzen joandako aurrerapen garrantzitsuen protagonista izan direlako, baina, baita gaur egun LGTBI pertsonen eskubide eta askatasun gaietan ematen ari den atzerapenaren lekuko direlako ere: bullying eta mobbing homofobikoa, pertsona transexualen bazterketa lan merkatutik eta gizartetik, GSG taldean HIESak duen prebalentzia altua, LGTBI kolektiboa kriminalizatzeko zenbait herrialdetako legeak eta abar. Egoera dramatiko horien aurrean, LGTBI elkarteei dagokie irmo erantzutea eta aniztasuna eta berdintasuna errespetatzeko eta LGTBI pertsonen osotasun fisiko eta moralarentzako arriskuei aurrea hartzeko hartu beharreko neurri guztiak eskatzea. Era berean, botere publikoei dagokie LGTBI elkarteei entzutea, horiek egiten ari diren lan sozial goraipagarria aitortzea, eta horiek horrela, pertsonen oinarrizko eskubideak eta oinarrizko zerbitzuak bermatzeko eta sexu joera edo sexu identitatearengatik edozein bazterkeria ekiditeko hartu beharreko erabakiak hartzeko konpromiso sendoarekin erantzutea. Estatuko eta Euskal Herriko LGTBI elkarteek LGTBI gazteei eskaini die urte hau, beraiek jasaten baitute jazarpen eta ziber-jazarpen homofobikoa hezkuntza esparruan. Kolektibo horrek, gaur egun, oraindik ere, bere sexu izaera larritasunez bizi du askotan, gure gizartean etengabe agertzen diren jarrera baztertzaile eta iraingarriengatik, eta beraien inguruan ia ez dute beste LGTBI pertsonen erreferentzia positiborik, askotan horrelakoak ikusezin bihurtzen direlako, batez ere, emakume lesbianak, eta bereziki, landa giroko LGTBI pertsonak. Hori guztiori kezka iturri da gizarte osoarentzat eta botere publikoen berehalako erreakzioa eskatzen du -beraiei baitagokie gazteen ongizatea bermatzea- jazarpenaren aurkako neurri irmoak hartuz, aniztasuna balore sozial bezala sustatuz eta gazteen parte hartzea eta elkartegintza bultzatuz.ERABAKIAK
1. Pasaiako Udalak bat egiten du ekainaren 28an, LGTBI harrotasunaren eguna dela-eta, LGTBI elkarteen ospakizun eta errebindikazioekin, eta berariaz adierazten du sexu joera edo identitateagatik LGTBI pertsonek mundu osoan, eta bereziki gure udalerrian, etengabe jasaten duten bazterkeriaren aurka dagoela. 2. Pasaiako Udalak LGTBI kolektiboaren eskubideekin eta berdintasunaren aldeko apustuarekin duen konpromiso sendoa erakusteko, aniztasunaren ikur den ostadar bandera udal eraikin publikoetan jarriko du ekainaren 28an. 3. Duten sexu joera edo identitatearengatik beraien herrietan jazarrita egoteagatik bizitza arrisku larrian zutela egiaztatu ondoren asiloa eskatua zuten pertsonei asilo hori ukatzeko erabakia zuzendu ditzala eskatzen dio Pasaiako Udalak Gobernu Zentralari. 4. Pasaiako Udalak pertsona transexualen gizarteratzea eta laneratzea eskatzen du, lan bazterkeria egoerak jasan behar izaten baitituzte etengabe, eta sarritan prostituziora baztertuak izaten baitira, eta konpromisoa hartzen du pertsona transexualak laneratzeko udal plan bat egin eta inplementatzeko. 5. Gure herrialdean bizi diren inmigranteei osasun publikoan berriz ere estaldura unibertsala emateko eskatzen dio Pasaiako Udalak Gobernu zentralari; eta hori, populazio osoari eragiten dion osasun publikoko oinarrizko neurri bezala hartzeko, izan ere, estaldura falta horrek eragin kaltegarria du HIESaren aurkako borrokan. 6. Gizartean aurkitzen diren maitasun eta sexu aniztasun ikuspegia irakaskuntzan sartzeko eta gazteen artean aurreiritzi eta jarrera homofobikoak desagertarazteko eta horiei aurrea hartzeko ekintzak indartzeko eskatzen dio Pasaiako Udalak Eusko Jaurlaritzari. Deklarazio honen berri honako hauei emango zaie: – Osasun eta Barne ministerioei. – Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. ‐ GEHITU eta EHGAM elkarteei. Pasaiako Udaleko Bildu, PSE, EAJ, PP eta Pasaiako Ezkerra.