Iideiak bildu ondoren etxe berrien ondoan egingo duten parkea diseinatu dute
Oiartzungo Altzibar auzoko jaien harira, demokrazia zer den ikasteko aukera izan dute bertako haurrek, praktikatuz gainera. Auzoan egiten ari diren etxe berrien ondoan haientzako, haurrentzako parke bat egin nahi dute, baina nagusiei bururatu zaie haurrei galdetzea zer nolako azpiegitura behar duten, eta horretan aritu dira gaur arratsaldean. Lehenik, ideiak bildu dituzte jai eremuan jarritako mahaietan eserita. Begiraleen laguntza izan dute, ideiak jasotzeko, baina haurrak izan dira hitz egin dutenak.
Ondoren, parkea jasoko duen lekura hurbildu dira, kokatuta non egongo den eta lekua nolakoa den ikusteko. Eta azkenik, parkea diseinatzeko itzuli dira mahaira. Denen artean auzoko parkea nolakoa nahi duten marraztu dute eta nagusiek horren mandatua hartu dute. Txikiei kasu egitea besterik ez zaie falta orain, batzuetan demokraziak zerbaiterako balio duela erakusteko.