Oreretako Herrirak agerraldia egin zuen atzo arratsaldean, karteladaren ondoren, euskal presoei ezartzen dieten “salbuespen egoera eta sortzen duen sufrimendua” salatzeko asmoz. Horrela, herriko kasu larrienak gogorarazi zituzten. Lehenik eta behin, Aitzol Gogorza preso gaixoaren kasua aipatu zuten. “Gaixotasun larri baten ondorioz kalean egon behar luke, baina oraindik preso dago”, salatu zuen Herriko Plazan Herrirak.
Herriraren agerraldia
Gogorzarena, ordea, “ez da urraketa bakarra”. Jokin Urain
Kixkur eta Juantxo Lasa
Txikierdik 197/06 doktrina dute ezarrita, “eta kalean egon beharko lukete”, Herriraren arabera. Hiru adibide horiek, baina, “krudelkeria eta ankerkeriaren beste isla bat ez dela” adierazi zuen presoen eskubideen aldeko taldeak. Horrela, azken asteetan hainbat “urraketa” gehiago egin direla jakinarazi zuten. “Sakabanaketa politikak hor dirau”, gogorarazi dute, “eta hor dago Melliren kasua. Soto del Real espetxetik Villenakora eraman dute”. Ez da urrundu dituzten preso bakarrak izan. Urte hasieratik Martuteneko espetxean zeuden herriko lau preso gazteak Euskal Herritik kanpoko espetxetara eraman dituzte. Arkaitz Anza Valladolidera eraman dute, Maitane Linazasoro Salamancako Topas espetxera, Xabier Lujanbio Alacantera eta Aitor Franco Leonera. “Une hauetan euskal jendarteak eskatzen duen presoen Euskal Herriratzea aintzat ez hartzeaz gain, giza eskubideen urraketa areagotzen ari dira”, adierazi zuten.
Horregatik guztiagatik, Herriraren erronka “salbuespen egoera neurrien amaiera lortzea da”. Helburu hori lortzeko asmoz, indarrak batzen jarraituko dutela iragarri zuten. “Preso eta iheslari politikoen giza eskubideen konponbidearen eta bakearen aldeko olatu sozial erraldoi baten premian gaude”, ohartarazi zuten. Horretarako, “denon indarra, denon kemena eta denon ideiak” beharrezkoak direla berretsi zuten. Deialdia luzatu zuten eskakizuna ikastetxe, lantegi, elkarte, herri eta auzo zein jaietara eramateko.