Hendaiako Udako Jaialdia etzi hasiko da
Hendaiako aurtengo udako jaialdia etzi arratsean hasiko da, Alaiak! taldearen kontzertuarekin. Errepublikaren plazan izango da, 20:30etik aurrera. Asteartean, berriz, herri kirolen txanda izango da. Horrela, Gaztelu Zahar pilotalekuan 8 eta 12 urte bitarteko haurrek hastapen probak egingo dituzte 20:30etik aurrera, eta ordubete beranduago Urruñako Herri Kirolari Bai taldekoek erakustaldia egingo dute. Turismo bulegoan erreserbak egin daitezke.
Gaur zortzirako, berriz, apar besta egingo dute pilotaleku horretan bertan. 21:30etik 00:00etara disko musikarekin girotuko dute. Aldatzeko arropa zein xukadera eramateko aholkatu dute.
Hurrengo astebururako, berriz, bi ekitaldi antolatu dituzte. Horrela, larunbatean, hilaren 13an, 19:00etatik aurrera, Txipiroiaren Besta egingo dute, eta plater hori dastatzearekin batera, Zarpai Bandak, Koloka eta Berri Goodek emanaldiak eskainiko dituzte. Mimosen eta Leclerc Generalen etorbideen artean izango da.
Igande iluntzean Zarpai Bandak eta Sangria Gratuitek kontzertua emango dute Florida portuan. 500 lagunentzako paella erraldoia egingo dute, eta sangria erosteko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek. Udako Bestarekin bukatzeko su artifizialak botako dituzte.