Jaurlaritzak Arramendiko etxebizitzetarako lizentzia atzera bota duela dio PSE-EEk
Arramendin eraikitzekoak diren etxebizitzetarako lizentzia Eusko Jaurlaritzak atzera bota duela adierazi du Errenteriako PSE-EEk. PSE-EEren arabera, apirilean bidalitako idatzi batean etxebizitzak ez direla lehentasunezkoak jakinarazi zion Jaurlaritzak Udalari, eta ez dutela tokirik Urkulluren gobernuaren ildo estrategikoan.
“Herriko gazteen kontrako injustizia” dela iritzi dio PSE-EEk, eta Jaurlaritzaren iragarri eta ekitearen moduaren artean “kontraesanak” daudela esan du. Gazteentzako lanpostuak sortzeko babesik ez duela ematen adierazi du, ezta alokairu sozialeko etxebizitzak sustatu ere.
Era berean, Bilduren gobernuak “jarrera aktiboago eta errebindikatiboagoa” ez agertzea salatu du.
Errenteriako gazteek benetako ekimen eta proiektuak behar dituztela aldarrikatu du PSE-EEk, “ez diskurtso eta promes antzuak”.