Iazko Arditurri Eguna
Meategiak dituzte komunean Oiartzunek eta Castrillonek. Bata Asturiasen dago, bestea Gipuzkoan. Arnao eta Arditurri. Hala ere, bere garaian biek izan zuten esplotatzaile berbera: Real Compañia Asturiana de Minas.
Bihar bi meategiak senidetuko dituen ekitaldiak egingo dituzte Oiartzunen. Izan ere, Arditurri Egunaren hirugarren ekitaldia egingo dute. Urteko egunik bereziena izango da Aiako Harriaren magalean dagoen eremuan, nahiz eta beste hainbat ekitaldi berezi ere antolatzen dituzten urtean zehar. Kristina Brit Oiartzungo Turismo Aukerak-eko langileak adierazi duenez, Arditurri Eguna ospatzeko hainbat arrazoi daude: “Horrelako ekimenak martxan jartzen direnean, askotan etxean zabaltzen kostatzen da gehien. Denbora behar izaten da, baina uste dut txertatzen ari dela, eta jabetzen ari garela Arditurri hor dagoela, meategi aberats bat dugula bertan. Jendea hasi da barneratzen”.
Eguerdian hasiko da egitaraua. Horrela, Castrilloneko Udaleko ordezkariei harrera ofiziala egingo diete oiartzuarrek udaletxean. Ondoren, herriko kaskoa erakutsiko diete bisitari asturiarrei, baita Arditurri ere.
Castrillonen XX. mendean itxitako meatzeak dauzkate. “Bisitariei ateak irekitzeko asmoa daukate, eta Oiartzungo esperientziaz jabetu ziren, gonbidatu gintuzten, ezagutu ginen eta zor genien bisita egiteko aukera biharkoa izan zitekeela pentsatu genuen”.
Hala ere, Oiartzungo eta Castrillongo meategiak ezberdinak direla gaineratu du Britek: “Hango meategiak ikatza ateratzeko ziren, eta ezaugarri ezberdinak dituzte. Gureak erromatar aztarnak dituen moduan, hango galeriak zuzenean itsasora ateratzen dira. Hori ezaugarri bat izan daiteke. Nahiz eta ezberdinak izan, errekurtso bat ustez hil denean —meategien kasua den bezala—, berriro berreskuratzeko eta ekonomia indar bilakatzeko apustua egin dute”. 1915ean itxi zituzten Asturiasko meategi horiek, itsasoko urek hartu zituztelako. 2007an Castrillongo Udalak jabetza berreskuratu zuen.
Jarduerak egun osoan
Asturiasko herri horretako udalari egingo dioten harrera ofizialaz gain, egongo da zer gozatua bihar. Horrela, Arditurriko meategiak ezagutu nahi dituztenek, aukera paregabea izango dute larunbatean. Izan ere, bertara sartzeko txartelaren prezioa murriztuko dute. Oinarrizko bisitarenak bi euroan jarriko dituzte, eta sakonarenak, berriz, hiru euroan. 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara egongo da zabalik meategia.
Arditurriko meategiko museoa ez da izango biharko protagonista bakarra. Horrela, Oarsoaldeko beste museoek ere laguntza eskainiko dute Arditurriren III. Egunean. Luberri Ikasgune Geologikoak, Soinuenea, Itsas Gela eta Ondartxok erakusketa bana eramango dute Arditurrira, egunerokoan egiten duten lana ezagutarazteko. 11:30etik aurrera, tailer praktikoa egingo dute.Luberriko Jose Angel Torresek Mineralen bila irteera gidatuko du.
Gainera, Luberri Ikasgune Geologikoa dohainik bisitatzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek. Soilik bihar izango da sarrera libre museo horretan. Goizean lau orduz egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, berriz, 16:00etatik 18:00etara.
Ikasketaren arloaz gain, jai egiteko aukera ere egongo da. Horrela, goizean zehar dultzaina taldea egongo da Arditurriko parajeak girotzen, eta arratsaldean erromeria egingo dute, 18:00etatik aurrera. Juan Mari Beltranek gidatutako hirukoteak eta Jon Iraola dantza maisuak jendea mugiaraziko dute. Egun osoan zehar jatekoa eta edatekoa lortzeko aukera egongo da bertan. Britek gogorarazi duenez, “giro aparta” sortzen da bertan, herritarrak gonbidatu ditu bertara hurbil daitezen. Iaz 700 bat lagunek hartu zuten parte Arditurri Egunaren bigarren ekitaldian.
Bisita gidatua Urteagarekin
Ekitaldi horiek guztiak bihar izango badira ere, pasa den igandean bisita gidatu berezia egin zuten Arditurriko meategietan. Irungo Oiasso Museoko zuzendari Mertxe Urteaga arkeologoak eman zizkien azalpenak izena eman zuten lehenengo 25 lagunei: “Oso balorazio ona egiten dugu, baina oztopoa da 25 lagunek bakarrik bisitatu dezaketela. Horrek alde txarrak izateaz gain, onak ere baditu: zuzenago jaso daitezke azalpenak. Jendea oso gustura geratu zen. Izandako arrakasta ikusita, horrelakoak berriro egiteko asmoa dugu”.
Horiek, urtean jasotzen dituzten bisitarien kopuruaren zati txiki bat besterik ez da. “Bisiten kopuruari eusten diogu, eta hori ez da gutxi bizitzen ari garen egoera kontuan hartuta. Familiek gaur egun kulturan gutxiago gastatzen dute, hori da kentzen duten lehenengo gauza, baina kopurua ikusita kontent egon gaitezke. Batez beste 13.000 lagun pasatzen dira Arditurritik, eta horietatik 8.000-9.000k bisita egiten dute”, esan du Britek.