Bukatu berri den ikasturtean Irungo Lehen Hezkuntzako 11 ikastetxek parte hartu dute bide hezkuntzari lotuta udalak garatu duen programan. Izan ere, udalaren arabera, lehen hezkuntzakoak ikasleak dira bide segurtasunean premia “handiena” dutenak, hortaz, arreta berezia jarri dute ikasturtean 7-12 adin tarteko haurren kasuan. Goizane Alvarez Udaltzaingoaren udal ordezkariaren arabera, “adin honetako gazteak sentsibilizatu beharra dago oinezko, bizikleta erabiltzaile eta gerora auto gidari izan daitezkeelako horiek, eta adin horretan neurriak hartzea garrantzitsua da”.
Hori egiteko urtean zehar hainbat ekimen egin dituzte, bizikleta ibilbideak (gurasoekin ere) barne. Gainera, Ibarlako bide hezkuntzako pistan hainbat saio egin dituzte ikastetxeetako haurrek. Erditzea prestatzeko saioetan ere izan dira udaleko ordezkariak, guraso izango direnei azaltzeko zein garrantzitsua den autoetan hau txikientzako eserleku egokiak eramatea. Europako Mugikortasun Astearen barruan, nahiz Eskolara Oinez ekimenean ere parte hartu dute Lehen Hezkuntzako ikasleek.