Ehunka ekintza egin dituzte madalenetan
Irune Balentziaga Kultura zinegotziak Madalen Jaien balorazioa egin du, eta “ezin positiboagoa” dela esan du, batik bat, “eguraldiak lagunduta, ehunka ekintzatik gora egin eta milaka lagun” pasatu direla kontuan hartuta. “Giro ederra” izan dela gaineratu du, eta “herritik herriarentzat egindako festak” izan direla.
Hala ere, onartu du “gertakari larri” batzuk ere izan direla, bi gauetan bereziki: “Horiek jaien giroan eragin negatiboa izan dutela ezin da ukatu”. Beraz, datorren urteari begira, euren esku dauden “neurriak” hartuko dituztela aurreratu du, “nahiz eta jakin, hainbat gertaera aurreikustea edo gertatuko ez direla jakitea zaila den”.
Jaien abiapuntua gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, sexu aukeren berdintasuna, eta jatorri, kultura eta izaeren arteko berdintasuna izan dela ere gogorarazi du, eta aurrera begira ere helburu bera edukiko dutela jakinarazi du.
970 lagun, koadrilen bazkarian
Gainontzekoan, musikan “ahalegin berezia” egin dutela aipatu du, iaz izan zuen indarra kontuan hartuta. Horrela, aurreikuspen guztiak bete dituztela aipatu du. Herri bazkariak geroz eta jendetsuagoak direla ere gogorarazi du, eta koadrilen bazkaria jarri du adibidetzat, 970 lagunek hartu baitute parte.
Azkenik, eskerrak eta zorionak eman dizkie jaiak ondo ateratzeko ahalegina egin eta konpromisoa hartu duten herritar eta eragile guztiei, eta adierazi du horien lanik gabe ez litzatekeela jairik izango.
Horrez gain, udaleko sail eta langile guztiei ere eman dizkie eskerrak, eta horien artean Babes Zibilaren lana aipatu du, musutruk aritzen dela kontuan hartuta. Udal taldeak, omendua eta kolaboratzaileei ere egin die aipamena.
Gogoan izan ditu, halaber, “pazientziaz jokatu duten herritarrak”, kontuan hartuta, ez dela erraza izaten jaietarako eta atseden hartzeko eskubidea uztartzea: “Badakigu herriko zenbait tokietan puntu beltz eta zailagoak izaten direla, eta hurrengo urterako ere horiek kontuan hartuko ditugu”.