Gurutze Gorriarekin bizikidetza landuko dute astelehenean
Gurutze Gorriarekin landuko den entrenamendu baten bidez, “bizitzarako gaitasunak” ikasi ahal izango dituzte astelehenean Beraungo Pablo Sorozabal plazara joaten direnek. Gizartean modu osasuntsuan egon ahal izateko hamar gako eman ditu Munduko Osasunaren Erakundeak. Zehazki, ongizate fisiko, psikiko eta soziala hobetzera zuzenduta daude. Ekimena 11:00etatik 14:00etara izango da.
Ariketa horiekin entrenamendu bat eramanda, “norberaren autonomia garatzeko oinarrizko pausoa” emateko programa diseinatu du Gurutze Gorriak: Bizikidetzarako gimnasioa. Gurutze Gorriaren arabera, bizikidetza on batek komunitatean “bizitza osasuntsua” edukitzea ahalbidetzen du.
Hainbat karpa jarriko dituzte Beraungo plazan, eta ariketa batzuen bidez, hamar gako horiek hobetzen saiatuko dira: autoezagutza, enpatia, adierazpenezko komunikazioa, harreman interpertsonalak, erabakiak hartzea, arazo eta gatazken irtenbidea, sormenezko pentsamendua, pentsamendu kritikoa, emozio eta sentimenduen kudeaketa, tentsio eta estresaren kudeaketa. Egindako ariketekin koaderno bat emango dute bukaeran.