Markel Merino haurrari laguntzeko ekimenak
Citomegalovirusak eragindako garuneko paralisia pairatzen duen Markel Merino haur errenteriarrari laguntzeko hainbat ekimen egiten ari dira herrian. Ainhoa Garcia ile-apaindegia, Benetton eta Xenpelar kultur dendan zozketak eta antzeko ekimenak jarri dituzte, horietan bildutako diruarekin Merinorentzako tratamendu bat ordaindu ahal izateko. Joan den asteburuan, zehazki, pailazoekin festa bat egin du ile-apaindegian.
Merinoren gurasoek, Sonia Angulo eta Javier Merinok azaldu dutenez, 3.000 euroko tratamendu bat da, Gasteizen egiten da, eta horrekin umearen gorputzeko jarrera hobetzea bilatzen da.
Citomegalovirusa ohiko gaixotasun bat da, eta kasu honetan, amak haurdunaldian pasatu zion umeari. Horren ondorio bat izan da paralisia; hain zuzen, haurdunaldiko funtsezko momentu batean harrapatu baitzuen birusa. Haurra eduki eta gerora eduki zuten bere gaixotasunaren berri. Umeak ez du hitz egiten eta ezin du ibili ere egin. Ikusmen edota entzumenezko arazorik ez dauka.