Orreaga Taldeak ekitaldi politikoa egingo du abuztuaren 15ean, Donibanen
Orreaga Taldeak ekitaldi politikoa egingo du abuztuaren 15ean Donibanen, 12:00etatik aurrera. Orreagan (Nafarroa) duela 1.235 urte, egun horretan bertan, gertatutako borroka gogorarazi nahi dute horrela. Horregatik, Piedadean dagoen batailaren oroitarriaren aurrean egingo dute ekitaldia, Independentzia da demokraziaren abiapuntua lelopean.
Antolatzaileen arabera, ekitaldia “errealismo politikoan” oinarrituta egongo da: “Egungo egoera politikoa definitzeko edozein azterketak gure herria okupatua dagoela izan beharko luke oinarri”. Euren ustez, “independentzia herriek berez duten eskubidea” da, eta horren alde ez egotea “menderatutako herriaren desagerpenaren alde egotea da”.
Orreaga Taldeak historizismotik “ihes” egin nahi duela adierazi du, “baina gure historiaren jakitun” izan nahi dute: “Gertakari hark gaur egun bizi dugun egoera politikoarekiko oso desberdina den paisaia bat iradokitzen digu: etsaien erasoen aurrean bere burua defendatzeko prest zegoen herri bat, arerioaren puntu ahulak zeintzuk izan zitezkeen sumatzeko abilezia izan zuena, momentu egokienaren zain erresistitzen jakin zuena, eta baturik eta adorez borrokatu zuena”. Iritzi dutenez, independentziaren aldekoa da “herri honen borroka garrantzitsuena”. Orreagak esan du demokrazia independentziarekin bakarrik etorriko dela.