Azken eguna jaietako graffiti lehiaketetan izena emateko
Gaur, hilak 3, azken eguna dute izena emateko hilaren 6ko graffiti lehiaketetan parte hartu nahi dutenek. XIX. Graffiti Lehiaketan hamalau urtetik gorakoek har dezakete parte eta XIV. Haur Graffiti Lehiaketan hamaika eta hamahiru urte bitarteko gaztetxoek. Taldekako lehiaketak dira, hiru edo lau taldekidez osatutako taldeei zuzenduta. Lehiaketa bakoitzean gehienez hamar talde izango dira eta, denek, gaurko 13:30ak baino lehen eman behar dute izena Gazte Informazio Bulegoan (Jabier Ugarte kalea, 6).
Ohi bezala, lehiaketako graffitiek gai batekin lotura eduki beharko dute: Hondarribia eta bere jaiak. Hondarribiko Udaleko Kultura Departamentuak antolatzen ditu jaietako graffiti lehiaketak eta departamentuak berak banatuko dizkie spraiak parte hartzaileei. Hilaren 6an egingo dira Hondarribiko Jaietako XIX. Graffiti Lehiaketa eta XIV. Haur Graffiti Lehiaketa, Zezen plaza aurreko harresi eremuan, 17:30ean hasita. Egun berean izango da sari banaketa, lehiaketa bukatu eta gero.