Zartakoa jaso du Bidasoak lehen jardunaldian
Bidasoa-Irun eskubaloi taldeak 37-19 galdu zuen larunbatean Naturhouse Logroño taldearen kantxan, Asobal Ligako lehen jardunaldian. Aurrez esperotako porrota zen, Errioxako taldea ligako indartsuenetakoa delako, baina gol aldea hain nabarmena izango zela ez zuten uste. Baina emaitza ez zen izan larunbateko albiste txar bakarra: Ander Iriarte jokalariak min hartu zuen partidan, eta litekeena da lesio larria izatea.
Ez zuen gaizki hasi partida, ordea, Bidasoa-Irunek. 11. minutuan 2-4 irabazten ari ziren. Baina handik aurrera Logroñoko taldeak makineria guztia martxan jarri, eta 7-0eko partzialarekin markagailua irauli, eta aurrea hartu zuen partidan bukaerara arte. Gainera, amesgaiztoa izan zen bigarren zatia: etxekoek etenik gabe sartu zituzten golak, eta irundarrek ia ez zuten zulatzerik izan kontrarioen atea.