Kanpai multzo osoa berritu nahi dute
Jasokunde eta Sagarrondoko Ama Birjinaren Eliza Nagusiko 3. Kanpaia jaitsiko dute dorretik eta Ezkio-Itsasora eramango dute “konpondu eta birgaldatu” dezaten. Kanpaia jaisteko bi ordu inguru beharko direla uste dute, 09:30ean hasiko dira eta garabi handi bat erabiliko dute, Fraxkueneko Murrua kalean jarriko dutena.
Kanpaiak herritarren ekarpenekin konponduko dituzte, Arma Plaza Fundazioak uztailean crowfunding kanpaina abiatu baitzuen horretarako. Miren Aierbe udal arkeologo eta Arma Plaza Fundazioko arduradunaren arabera emaitza “oso ona” izan du ekimenak: “3. eta 4. kanpaiak konpontzeko finantzaketa lortu dugu eta urrian zehar konponduko dira”. Diruz lagundu nahi dutenek urriaren 19ra arte dute aukera.
Ezkio-Itsason konponduko dute parrokiko kanpaia. Urrian zehar kanpandorrera itzultzea espero dutela gehitu du Aierbek: “Behin 3. kanpaia jasota Ezkio-Itsasora eramango da konpondu eta soldatzera, eta urrian zehar berriz ere parrokiako kanpandorrean jarri nahi genuke. 4. kanpaia kanpandorrean bertan konponduko dute”.