Hondakin bilketaren gaineko proposamema bertan behera
Bosgarren puntuan trabatu ziren atzo zinegotziak udako oporren ondorengo lehen udalbatzarrean. Zehazki, bideak garbitu eta hondakin solidoak bildu eta garraiatzeko zerbitzuari buruzkoa zen. Udalak duen kontraturik handiena da, urtean, 2,5 milioi euroko gastua eragiten baitu.
Aurten bukatzen zen hondakinekin lotutako zerbitzuaren kontratua, eta udal gobernu taldeak berak onartu zuenez, “berandu” hasi zuten baldintza agiria zehazteko prozedura. Hala ere, uztailean argi berdea eman zioten kontratatzeko hasierako prozedurari oposizioaren babesarekin.
Atzo, hasierako prozedura atzera bota eta alkatetzak abuztuan prozedura horri berari egindako “hobekuntzekin” egindako ebazpena onartu behar zuten zinegotziek. Hala ere, oposizio guztiak kontra bozkatu zuen, eta bertan behera geratu zen, uztaileko egoerara bueltatuz.
Oposizioaren ezadostasuna gaia eramateko moduagatik eta kontratuaren iraupenarengatik sortu zen. Maite Peña EAJko bozeramailearen arabera, egindako kudeaketa “ez da kudeaketa administratiboaren adibiderik onena izan”, eta uztailean kontratua bukatzear zegoelako udal gobernu taldeari “konfiantzazko botoa” eman ziotela azaldu zuen. Orain, ordea, hobekuntzekin egindako baldintza agirian kontratuaren iraupenarekin ez daudela ados esan zuen. Hala, urtebete eta beste bateko luzapenaren partez, bost urte eta biko luzapena egitea proposatu zuen.
Joseba Etxarte PSE-EEko zinegotzia ere ildo beretik mintzatu zen. Urtebeteko kontratua dela kontuan hartuta, dagoeneko “hiru hilabete” pasatu dela adierazi zuen, eta EAJk egindako luzapen proposamenarekin bat egin zuen. Horrez gain, abuztuan alkatetzak egindako ebazpenaren berri eman ez izana salatu zuen.
Luisma Diez Hirigintza zinegotziak (Bildu) baldintza agiriari berandu heltzea onartu zuen, eta ahalik eta baldintza agiri onenak egitea eta enpresek euren proposamenak egiteko denbora ematea izan direla presaz jokatzearen arrazoi gaineratu zuen. Bestalde, urtebeteko kontratua egitea defendatu zuen, zerbitzu garrantzitsua dela kontuan hartuta, denbora horretan jarraipena egin nahi diotela azaldu zuen, horren arabera, zerbait hobetu ahal izateko aurrera begira.
Julen Mendoza alkateak, bestalde, abuztuan talde sozialistari ez abisatzearen harira, ez daudela behartuta azaldu zuen, baina “adeitasun politikoagatik” egin beharko luketela, eta horregatik, barkamena eskatu zuen. Hala ere, alderdiei galdetu zien zer aldatu den uztailetik gai horrekiko iritzia aldatzeko. Egoera berean daudela esan zuen, bakarrik baldintza agirian “denek onartutako hobekuntzak” egin dituztela. Gatazka horretan herritarrak galtzaile aterako direla gaineratu zuen.
Idazkari eta teknikariek ere hitz egin zuten, eta uztailean onartutakoa dagoeneko exekutatuta dagoela adierazi zuen, eta horregatik 5 urte eta biko luzapena ezin dela egin. Eztabaida ordubetez luzatu zen, eta azkenean, ez zuten abuztuan alkatetzak egindako proposamena berretsi.
Beste zortzi puntuak, aurrera
Gainontzeko puntu guztiak aurrera atera ziren. Asier Mujika Bilduko zinegotziak Oarsoaldea S.An udalaren ordezkari izateari utziko dio, eta bere lekukoa Julen Mendozak hartuko du. Mendozak berak azaldu zuenez, alkateak zenbait proiektuekiko ezagutza handiagoa duelako egin dute aldaketa.
Bestalde, Herribusekin hiri garraio zerbitzua luzatzea ebatzi zuten, egungo baldintza berberekin, eta beste hainbat tramite Koldo Mitxelena plazan udalak duen lokal batekin, eta Tomas Lopez kaleko 9. zenbakian igogailuaren obrek kaltetutako ondasun eta eskubideen desjabetzarekin.
Ez zen galdera eta eskarien atalean proposamenik egin.