Udalak Tecnalia enpresa kontratatu du termiten kontra aritzeko
Termiten kontrako kanpaina abiatuko du udalak Alde Zaharrean eta Portuan eta 100.000 euro inbertituko dituzte horretan. “Helburu nagusia etxebizitza edo gune zaharrenetan termitak akabatzea da, Hondarribiko beste eremuetara ez zabaltzeko”, azaldu du Aitor Kerejeta alkateak. Termitak egurrezko egitura duten eraikinetan agertzen dira eta, horregatik, bi auzo horietan abituko dituzte lanak.
Tecnalia enpresak izango du termitak akabatzeko ardura. Lan horretan eskarmentua du Tecnaliak eta besteak beste Azkoitian (Gipuzkoa) edota Añana-Gesaltzan (Araba) antzerako lanak abiatu dituzte. Kerejetak azaldu duenez, auzotarrei atea irekitzeko baino ez zaie eskatuko: “Eraikinaren egituraren azterketa Tecnaliako bi teknikarik egingo dute; Eraikinak bisitatuko dituzte, aurretik atari bakoitzean ohartaraziz. Bisitak portal bakoitzean egingo dira eta bakoitzak gutxi gorabehera 30 minutu iraungo du. Teknikariei portaleko atea irekitzea nahikoa da, bisita beheko solairuan egiten baita. Ez dira pisuetara igotzen”.
Alde Zaharrean hasiko dira teknikarien bisitak. Urriaren 9, 10, 15, 16 eta 22an egingo dituzte, 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 20:00etara; Portu auzoan, berriz, hil horren 23, 24, 28, 29 eta 30an izango dira, ordutegi berarekin.